Herriko gazteek ingurumenarekin lotutako konponbideak eskatu dituzte

Agenda 21 ekimenaren barruan egindako ekarpenak ekarri dizkiete udalbatzako kideei, eta konpromisoak hartzeaz gain, konponbideak eskatu dituzte. Ondoren, Makatzena goi aldean autobus parada bat txertatzea onartu dute aho batez, eta udal gobernuak aurka bozkatu du LGTBI kolektiboaren eguna babesteko mozioan.

Urtero legez herriko ikastetxe ezberdinetako ikasleek osoko bilkura aretoko mikrofonoa hartu dute agenda 21 esparruan landutakoak udal ordezkariei helarazteko. Lehenik eta behin, eskolara oinez joateko edo bizikleta sarriago erabiltzeko konpromisoak hartu dituzte, eta ostean, konponbide sorta bat planteatu diete udalbatzako kideei. Horietako batzuk dira, autoen erabilera gutxitzeko neurriak, herri barruan ibilgailuen abiadura 30 km ordura murriztea, egungo zabor bilketa sistema mantentzea edo baterian aparkatzeak atzerako norantzan egitea. Interbentzioak egin ostean, ikus entzunezko labur bat proiektatu dute, urtean zehar egindako lanaren argazkiekin, eta planteatutako konponbideekin.

Hau egin eta gero, osoko bilkurako gaiei heldu diete udal ordezkariek, eta bi gai nabarmendu dira. Lehenik eta behin, Obrak, Zerbitzuak eta Mantenuak eta Auzoak batzordetik proposatuta, Makatzena goi aldean autobus parada gehigarri bat jartzea bozkatu dute, eta aho batez onartu da. EH Bilduko Eneko Barberenak interbentzioa egin du, autobus gidariek negu garaian arriskutsua izan daitekeela helarazi dietela esateko. [Aipatzea, koalizio abertzaleko zinegotzi guztiak Errekaleorren aldeko pegatinekin agertu direla].

Oscar Garciak erantzun dio, eurek ere jaso dutela kezka hori gidarien partetik, eta gaineratu du Udalaren esku dauden neurri guztiak jarriko dituztela muturreko baldintza horietan segurtasuna bermatzeko.

Bigarren puntu nagusia LGTBI harrotasunaren egunari buruz EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik aurkeztu duten mozioa izan da. Ekainaren 28ko LGTBI kolektiboaren nazioarteko eguna udal bezala babestea, eta aipatutako kolektiboak berezko duen ostadarraren ikurrina udaletxeko balkoian jartzea eskatzen zen bertan, formazio eta kontzientziazio neurriekin batera.

Mozioa irakurri ondoren EAJko Anuska Ezkurrak hartu du hitza, eta mozioaren muinarekin bat zetozela esan arren, aurkako botoa emango dutela azaldu du, berdintasun batzordean gaia ez delako "behar bezala" landu. Ondoren Maria Ubarretxenak jakinarazi du ekainaren 20an berdintasun batzordea elkartuko dela, eta bertan adierazpen instituzional bateratu bat egiteko aukerak egon daitezkela.

Gaiak mozio gisa aukeztu beharrean, batzordeetan lantzeko argudioari erantzuteko EH Bilduko Eneko Fernandezek hartu du hitza. Hainbat batzordetan udal gobernuak ez duela egin beharrekoa egiten azaldu du, eta adibide gisa jarri du 25 hilabetetan zehar emakumeen aurkako indarkeriari buruzko plana berritzeko pleguak jaso ez izana.

BI interbentzio amaieran

Galdera eta eskaeren tartean ikasleak ez ziren beste herritar batzuek hartu dute hitza. Horietan lehena Debagoieneko sahararren elkarteko presidente Saleh Salek izan da. Saharako kanpamenduetako giza laguntzen murrizketak aipatu ditu, eta udal ordezkariek euren konpromisoa azaldu dute, Eusko Jaurlaritzari egoera horren aurrean neurriak eskatzeko.

Ondoren Saul Osinagak hartu du mikrofonoa, alde zaharreko bizilagunek aparkatzeko dituzten zailtasunak azaltzeko. Arratsaldez, bere kalera autoa sartzeko egun bakarra martitzena dela esan du, hileta elizkizunak daudenean aparkatzea ezinezkoa egiten zaiola gaineratuz. Ibon Arrupe hirigintza zinegotziak erantzun dio esanez, mugikortasun mahaia gai horiek lantzen ari dela, eta herritarrek bertan parte hartzeko aukera izan dutela. Hala ere, ekainean hirigintza batzordeak egingo duen bilerara joateko gonbidapena egin dio, bere planteamenduak eta konponbideak azal ditzan.

Mugikortasun mahaiak lau bilera egin dituela esan du Arrupek, txosten definitiboa bukatzear dagoela azalduz. Erdialdean eta beste leku batzuetan TAO sistema aplikatzeko adostasun maila handi batera heldu direla jakinarazi du, eta Kondekua azpian egoilarrendako aparkalekuak egiteko aukerak harrera ona izan duela ere aurreratu du.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.