"Oso erantzun ona" izaten ari da Harremanen Elkartasun Eguna

Eneko Azurmendi 2017ko eka. 3a, 13:47

Arrasateko Harreman Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatutako XIX. Elkartasun Eguna egiten ari dira gaur eta Itziar Uriarte Harremaneko kidearen esanetan, jende ugari gerturatu da Seber Altube plazara. Gaur batutako dirua Indiako Ankur proiektura bideratuko da, Bombay hiriko umezurztegi batera, hain zuzen.

"Gure lana kalera ateratzeko eguna izaten da gaurkoa. Egun guztian zehar ekintza desberdinak egiten ditugu eta herriko hainbat jende eta eragilek hartzen dute parte", adierazi du Harremaneko kideak.

Tonbola bat ere egin dute eta bertan Ibai-Arte elkarteak emandako opari guztiak banatuko dira. Txartelak euro batean daude salgai eta hemendik ateratako dirua Indiako Ankur proiektura bideratuko da. "Indiako Bombay hirian dagoen umezurztegi bat da Ankur. Kalean jasotako 220 neska dituzte bertan eta bizitzeko leku bat eta janaria eskaintzeaz gain, ikasketak –hezkuntza– ere ematen diete bertan", dio Uriartek. Harremanek urte guztian zehar egiten dituen ekintzen artean, sentsibilizazio kanpainak daude eta hau "garrantzitsuena" da, Uriarteren esanetan.

Herritarrek, "oso erantzun ona"

Uriartek azaldu du egun hau egiten duten bakoitzean jendeak ondo erantzuten duela. "Urtero batzen da jendetza, bai laguntzeko baita parte hartzeko ere. Jendeak badaki urtero egiten dugula eta badaki zertarako den, eta jende asko hurbiltzen da", azpimarratu du.

Harreman

Aurten dirua Ankur proiektura bideratuko bada ere, beste hainbat proiektutan ere laguntza ematen du gobernuz kanpoko erakunde honek. "Gaurko egunaz gain, Harremanek egiten duena da Mundukidek aurrera eramaten dituen garapen proiektu batzuetan lagundu. Luzerako proiektuak izaten dira hauek, adibidez, Marrupan –Mozambike– dagoen proiektu baten laguntza ematen ari gara", zehaztu du Uriartek.

Bestalde, hitzaldiak eta beste hainbat ekintza ere egiten ditu Harremanek urtean zehar. "Aditzera eman nahi izaten ditugu beste herrialde batzuetan dituzten arazoak".

Talde txikia da Harreman, eta Uriartek dio ateak zabalik dituztela, interesa duenarentzat. "Astean behin elkartzen gara eta ahal duguna egiten dugu. Beraz, jendeari aukera ematea gustatuko litzaidake Harreman gertuago ezagutzeko", azaldu du.

Interesa duenak, harreman.net webgunean aurkituko du informazio gehiago, gobernuz kanpoko erakunde honek egiten duenari buruz eta Facebooken ere badute orrialdea. "Interesa daukanak, jar dadila gurekin kontaktuan, pozik hartuko dugu".

Azkenik, Harremaneko bazkide egiteko aukera ere eskaintzen ari dira egunean zehar, Seber Altube plazan.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak