Ikur frankistarik gabeko herria izateko pausuak ematen

Eusko Jaurlaritzak 2011an onartu ostean, EAEko ikur frankisten inbentarioa egin zen, tartean etxebizitza sailak atarietan jarritako plakak daudelarik. Arrasaten lau kontatu dituzte, hiru jada kendu dira eta laugarreneko arduraduna kentzearen aldekoa da.

Euskal Autonomi Erkidegoan zeuden frankismo garaiko armarri, intsignia, plaka edo objektuen katalogo bat egitea onartu zuen Eusko Jaurlaritzak 2011ko urtarrilaren 24an. Helburua garbia zen; 1936ko altxamendu militarraren, gerra zibilaren eta diktaduraren errepresioaren gorespen pertsonal edo kolektiboak desagertzea. Diktamen horretan aipatzen den katalogoan, etxebizitza plaka deritzonak sartzen dira, oraindik etxebizitza askotan jarrita jarraitzen dutenak.

Erregimen frankistako gobernuak etxebizitza saila sortu zuen, eta hainbat eraikin egin zituen. Euskal Autonomi Erkidegoari dagokionez, batez ere, Gipuzkoan eta Bilboko itsasadarrean egin zituzten.
Eraikin horietan etxebizitza institutuaren plaka jartzea derrigorrezkoa zen. Plaka horietan Instituto Nacional de la Viviendaren armarria ikusten da, falangearen sinboloaren oso antzerakoa dena, eta horrek daukan sinbologia dela eta Eusko Jaurlaritzak hauek kentzea gomendatzen du.

Herritar baten eskaera

Arrasate Udalak herritar baten eskaera jaso zuen, plaka horiek kentzeko eskatuz. "Hori jasota zer egin genezakeen aztertzen hasi ginen, eta ikusi genuen Eusko Jaurlaritzak era horietako plakak kentzeko ekimena martxan jarrita zeukala. Beraz, hori baliatuz, etxebizitzen arduradunekin jarri ginen kontaktuan" azaldu dute udal gobernutik.

Arduradunei helarazitako oharrean ez zaie plakak kentzera behartzen, horiek kentzea gomendatzen zaie, eta udal langileen laguntza eskaintzen zaie zeregin horretarako.

Arrasaten lau

Katalogoaren arabera Arrasaten lau etxebizitzatan geratzen ziren plaka horiek; Santa Teresako 13.ean, Elkano kaleko 13.ean eta Errebuelta kaleko 4. eta 6. atarietan. Errebuelta kaleko bi atarietan joan den astean kendu zituzten, eta ostean, plakak BAZera eraman zituzten, Udalak pieza historiko gisa biltegiratzeko. Elkano kaleko 13.ean, aldiz, martitzen arratsaldean kendu zuten.

Santa Teresa kaleko 13. atarian ez dago plakarik, baina alboan dagoen 15.ean bai. Bertako arduradunak jakinarazi duenez, plaka kentzearen alde dago, eta laster proposatuko die bizilagunei, hori kentzeko aukera. Nahiz eta katalogoko zerrendan ez egon, Santa Teresako 19. zenbakian ere plaka jarrita dago.

 

Irudia: Santa Teresako 15. atariko presidentea den Jose Antonio Mora, plaka kentzearen aldekoa da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.