Martutenera bidali dute drogekin trafikatzea leporatuta Montserrat tabernako jabea

Eneko Azkarate 2017ko mai. 15a, 14:46

Epailearen aurrean deklaratu dute gaur, joan zen egubakoitzean Ertzaintzak atxilotu zituen Arrasateko Montserrat tabernako negozioaren jabea eta zerbitzari bat. Ertzaintzak drogaren aurkako operazio batekin lotu du atxiloketa, herrian segurtasuna bermatzeko azkenaldian egiten ari diren ekimenen harira.

Segurtasun sailetik adierazi dutenez, 52 urteko emakumezkoa, Montserrat tabernaren jabea, eta negozio bereko zerbitzaria, 35 urteko gizonezkoa, dira atxilotuak eta drogekin trafikatzea leporatuta atxilotu zituzten barikuan, segurtasuna bermatzeko tabernan egindako ohiko miaketa baten ostean.

Emakumezkoa Martuteneko espetxera eroan dute epailearen aurrean deklaratu ostean; gizonezkoa libre utzi dute.

Kilo bat marihuana

Segurtasun sailaren arabera, 1.261 gramo marihuana, beste 398 gramo anfetamina eta berau mozteko beste 90 gramo hauts zuri eta kristal formako beste 1,2 gramoko substantzia atzeman zituzten ertzainek Montserrat tabernan, ondo biltegi txiki baten eta zerbitzariaren autoan egindako miaketetan.

Txakurren laguntzekin eta bi atxilotuak bertan zirela, epailearen baimenarekin, miatu zituzten zapatu goizean hiru espazioak.

Bezeroak eta jabeak

Atxiloketa, baina, esandako moduan, barikuan egin zuten. Tabernan zeuden hainbat bezerori drogak atzeman zizkieten eta tabernan aurkitutako drogak batzeko plastiko eta alanbre sokatxoak bezeroei antzemandakoen berdinak zirela ohartu ziren ertzainak. Ondoren, taberna, biltegia eta autoa miatu zituztenean atzeman zituzten substantzia estupefazienteak eta berauek batzeko materiala eta prezisiozko balantza bat.

Azkenaldian, drogekin lotutako hainbat atxiloketa eta gertaeren kokaleku izan dira Arrasateko hainbat taberna, bereziki, San Andres auzoan. Maiatzaren 4an Iristu tabernako zerbitzari bat atxilotu zuten, 50etik gora poltsatxo atzeman zizkiotelarik –anfetamina edo kokaina–. Martutenen dago, aurrekari polizialak dituelako. Aste Santu bezperan, tiroketa bat izan zen auzo bereko Bañez doktorea kalean. Oraindik ez da kasua argitu. Eta joan zen eguenean San Andres auzoko beste taberna baten burutu zuten beste operazio bat eta hainbat lagun identifikatu zituzten, hainbat estupefaziente atzemanez.

Testuinguru horretan kokatu behar da Arrasateko Santa Teresa auzoko Montserrat tabernako atxiloketa. Barikuko atxilotu bi hauek ez daukate aurrekari penalik, ertzaintzako iturriek adierazitakoaren arabera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak