Arrasate eta Debagoieneko musulmanen komunitatea gero eta handiagoa da. Aurretik zeukaten lokala gero txiki geratzen hasia zegoen, eta alokairuan zegoen. Beraz, errentako diruari probetxu handiagoa ateratzeko, Uriburu kalean dagoen lokala propietatean erosi dute. Hala azaldu ditu Khalid Akkoun Annur Musulmandarren komunitateko presidenteak, lokal berrira pasatzeko arrazoiak.
120 erabiltzaile inguru
Hasiera batean Kabia Altzari denda zegoen eraikinaren atzetik aritu ziren, baina garestiegia zela ikusita aukera merkeago baten alde egin zuten. 60 bazkide ingururen artean erosi dute, baina erabiltzaileak askoz gehiago dira, 120 inguru.
Gehienak Marokokoak, Aljeriakoak, Mauritaniakoak eta Pakistanekoak dira, baina kalean saltzen aritzen diren senegaldarrak eta maliarrak ere gerturatzen dira. Otoitz egiteko lekua da meskita, baina beste erabilera batzuk ere baditu.
Azken aste honetan lana izan dute lokalari azken ukituak ematen, eta besteak beste sonorizazio ekipamenduak jartzen aritu dira.
Meskita berriaren alboan lokal bat dago eta etorkizunean hura erostea gustatuko litzaieke, besteak beste, emakume musulmanentzako txokoa egiteko.