Iturripe kiroldegiko "garbiketa eza" salatu du Arrasateko EH Bilduk

Eneko Azurmendi 2017ko ots. 13a, 18:49

Eneko Fernandez EH Bilduko zinegotziak azaldu du garbiketarekin "arazo bat" dagoela Iturripeko garbiketan, koalizio abertzalearen ustetan. "Zoritxarrez, ez gara hau pentsatzen dugun bakarrak", gaineratu du. Horrez gain, herriko elkarteek diru-laguntzak berandu jaso dituztela ere salatu du Fernandezek.

"Duela bi urte arte Iturripen enpresa bateko bi garbitzaile zeuden lanean astelehenetik igandera. Ondoren, udaletxeko langile bat jarri zen hauen ordez astelehenetik ostiralera, eta kanpoko garbitzaile bakarra asteburuetan. Formulak ez du funtzionatu eta errektifikatzea eskatzen dugu. Garbitasuna oinarrizko gaia da", azpimarratu du Fernandezek.

Diru-laguntzen gaiari dagokionez, adierazi du hobetzeko asko dagoela oraindik. "Kirol elkarteei 2015eko diru-laguntzak 2016 bukaeran banatu zaizkie, 2016koak abenduaren 29an onartu ditu Udal Gobernuak...elkarteek urrian eta urtarrilean balantze ekonomikoak aurkeztu dituzte, faktura eta ziurtagiriak eskatu zaizkie, baina, oraindik diru-laguntza jaso gabe dute", salatu du. Hori hala izanda, oraindik jaso gabeko diru bat justifikatu behar izatea "nahiko zaila eta jasanezina" dela iritzi dio koalizio abertzaleak.

Era berean, Kirolaren Plan Estrategikoaren zain daudela ere ohartarazi du zinegotziak. "Legealdi hasieratik, kirol eredu bat zehaztea eskatu zuen EH Bilduk, ez baita berdina Eibarrek bezala lehen mailako futbol talde bat edukitzea helburutzat edo kirola kalera atera nahi izatea. Uztailean elkartu ginen horretarako Udalbatzako alderdiok, baina, otsaila arte ez ditugu eredua definitzen duten 6 puntuak idatziz jaso, 11 aldiz erreklamatu ondoren, noski", azaldu du. Gainera, adierazi dute batzordeko 28 aktetatik 4 bakarrik onartu direla normaltasunez, "hauek ere hilabeteetako atzerapenarekin heltzen direlako".

Bestalde, estatutuek dioten bezala Kirolaren Mahaia gutxienez 3 hilabetean behin biltzea erreklamatu dute, bertako adituen artean eduki gehiago landu daitezen, Gobernuak berak Uarkapeko gimnasioa egitea erabaki aurretik, adibidez.

Azkenik, Musakolako kiroldegiko aldagela batzuen itxiera ere salatu nahi izan du koalizio abertzaleak. Eneko Fernandez zinegotziak adierazi du kexa asko egon direla eta ireki egin beharko liratekeela, lehengo funtzionamendura itzuliz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak