Indenort eta Proviser Iberica enpresei esleitu zitzaien eraikinaren eraberritzea 300.000 euroren trukean, eta lanak burutzeko zuten lau hilabeteko epea murriztu egingo dela dirudi. Irisgarritasun aldetik zahartuta zegoelako eraberritu dute eraikina. Sarrerara sartzeko bi eskailera tarte gainditu behar zituzten herritarrek, hain zuzen ere. Barneko gelak eta bulegoak ere modernizatu eta berrantolatuko dira, izan ere, aspaldikoak dira, eta gaur egunera egokitzeko, espazioa beste modu batera antolatu behar dute, Ertzaintzak azaldu duen moduan.
Gainera, lehen eraikina inguratzen zuen kanpoko hesiaren zati handi bat ere kendu egin dute, bertatik bidegorria igaro litekeelako. Arrasaten duen arreta-bulegoan, goizeko ordutegian 09:00etatik 13:00era, eta arratsaldekoan 16:00etatik 20:00etara salaketak jasotzeko eta jendea artatzeko zerbitzua eskaintzen du Ertzaintzak.
Orain, behin behineko sarrera, Etxetxikiak kalean dago, baina bi aste barru irekiko dute sarrera berria, lehen aparkalekua zegoen tokian jarri dutena, hain zuzen ere. Gainera, azken asteetan herritarren esku egon ez den Bergarako komisariarekin hitz egiteko interfonoa ere, berriro martxan jarriko dute, sarrera berriaren alboan.
Lanak egon diren hilabeteotan, nekeza izan da herritarrei zerbitzu ona eskaintzea Ertzaintzak azaldu duenez, langileak lan eta lan ibili baitira eta eraikuntzarako materiala ere batzuetan sartzeko oztopoa izan delako.