Lantegi eta ikastetxe barik ere, kantatuko dute gogoz

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ots. 3a, 16:53

Santa Ageda bezpera jendetsua bezain euritsua espero da biharko Arrasaten eta, zapatua izanik, ikastetxeetan zein hainbat lantegitan ezingo dute abestu. "Aste barruan gehiago kantatzen dugu eta beraz, gehiago batu", adierazi dute. Eztarriz sano dabiltza eta eskuak zabal-zabal dituzte, aurten ere jasotako dirua gehien behar dutenei emango diete-eta; jasotako guztia Caritasi emango diote.

Ohitura zaharrak mantentzen diren adierazle garbia da Arrasaten ere Santa Ageda bezpera, otsailaren 4a. Zapatuan tokatu da batzea aurten eta, alde batetik, ziur aste barruan baino abeslari, laguntzaile eta poltsero gehiago elkartuko direla baina, bestetik, ezin izango dute lantegietan edota ikastetxeetan batu. "Aste barruan tokatzen denean hobeto izaten da batzeko. Aste barruan denean gehiago abesten dugu eta beraz, gehiago batu", onartu du hainbat urtez Santa Ageda batzean irteten den Luis Sagasta Mane-k.   

12 ordu baino gehiago eskean

Goizeko zortzietan San Juan Bataiatzailearen parrokian elkartuko dira meza entzun ostean Santa Agedako doinua abesteko. Lehen saio horren ostean bi talde egingo dituzte; batzuk Bedoña aldera joango dira –bertako baserri baten egiten dute hamaiketakoa– eta besteak Musakola ingurura –hamaiketakorako San Isidro elkartea lepo betetzen dute–. Baina zapatua izanik ohiko hainbat geldialdi ez dituzte egingo. "Taberna eta komertzio gehiagotan geldituko gara aurten", dio Mane-k.

Eguerdi inguruan alde zaharrean elkartzen dira bi taldeak, eta 14:00ak aldera udaletxe barruko eskaileretan abestuko dute. Zapatua izanik udaletxean inor egongo den galdetuta, honako hau dio, umoretsu, Mane-k: "Udaleko ordezkariak ez badira agertzen akabo, errieta egingo diegu [kar-kar]". Udaletxean lauzpabost kantu interpretatu ohi dituzte, Iñaki Maidagan zuzendariaren agindutara: "Garai baten David Arzamendi aritzen zen zuzendari baina utzi gintuen...".

Udaletxeko saio ofizialaren ostean Leitze elkartera joango dira bazkaltzera: "Urteroko menua izango dugu, babarrunak denetariko sakramentuekin". 16:00ak inguruan irtengo dira Leitze elkartetik eta aurten eskolako umeekin egoterik izango ez dutenez Iturbide egoitza eta San Andres inguruak bisitatuko dituzte. Amaitzeko, 21:00etan Herriko Plazan egingo dute azken kantaldia.  

Dirua Caritasera, "argi eta garbi"

Eguazten gauean egin zuten eguna antolatzeko batzarra eta entsegua. Jende asko elkartu zen Alkartetxean, biharko ibilbide zehatza adosteko. Ondoren, urteroko abestien errepasoa egin zuten; entsegua bera ere ikuskizun ederra izan zen.

Aurten ere Caritasi emango diote dirua: "Enpresa gehienek transferentzia bidez egiten dute ekarpena Caritasen kontu korrontera, eta ez dugu jakiten zenbat diru jasotzen den. Caritasek urtero esaten digu zenbat jaso den eta nora bideratu duten. Kontuak argi eta garbi, beti".

Iñaki Maidagan: "Garai bateko zaletasuna galdu egin da"

1991n irten zen lehen aldiz batzera eta azken urteetan zuzendari moduan dabil. Gustura, bere saltsan.

Egun berezia Santa Ageda bezpera, ezta?

Oso egun polita izaten da. Denetarik izan dugu, egun eguzkitsu zoragarriak eta sekulako elurteak. Giroa eta umorea itzelak izaten dira. Abesten zein zuzentzen, oso gustura ibiltzen naiz.  

Gazteek makilari eutsiko diote?

Gu baino nagusiagoak ere ardura bazuten, baina Goikobalu sortu zenean belaunaldi aldaketa eman zen. Jende gaztea gerturatzea nahiko genuke, baina ukaezina da garai bateko kanturako zaletasuna galdu egin dela. Hala ere, giro ederra izaten dugu eta kantuak, hiru edo lau ahotsetara abestu arren, ez dira zailak. Ateak irekita ditugu edonorentzat.

Erlazionatuak

'Santa Ageda. 1931'

Ubane Madera 2017 urt 31 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak