2016an egitekoak ziren, baina euriaren eraginez, atzeratu egin dira iazko aurreikusita zeuden asfaltatze lanak. Azken ekina izango da, beraz, aste honetakoa. Alegia, 2016rako aurreikusita zeuden herri barruko errepidea asfaltatzeko azken lanak.
Maiatzaren 1a plazako errotonda eta Doktor Bañez kalea elkartzen diren tokian egingo dituzte lanak batetik. Doktor Bañez kalean bertan ere bai eta Araba etorbidean azkenik.
Hain zuzen ere, atzo hasi zituzten lanak Maiatzaren 1a errotonda eta Doktor Bañez kaleetan. Fresatua egin zuten atzo eta gaur asfaltatu egingo dute. Lanak gaueko hamarretatik aurrera egiten ari dira, ahalik eta eragin txikiena izan dezaten zirkulazioan.
Bihar, eguaztena, eta etzi, eguena, gaueko hamarretatik aurrera hori ere, Araba etorbideko batxeoa egingo dute. Alegia, errepidean dauden zuloak tapatuko dituzte. Euria egingo balu, lanak atzeratuko lirateke.
Donostiakon Asfaltia enpresa ari da lanok egiten eta 2016ko asfaltatze lan guztien kostua 153.000 eurokoa izan da, BEZ barne.