Egunotan munduko eskubaloi jokalari onenak euren selekzioekin Frantzian dabiltza lehian. Eta horrek atsedenaldia ekarri du liga gehienetara, baita Asobalera ere. Atseden apur bat hartzeko egunak dira, baina ez da komeni erritmoa galtzea, eta horretarako maila goreneko taldeak lagunartekoak jokatzen dabiltza. Bada, horrelako partidu batekin gozatzeko aukera izango dute ibarreko eskubaloi zaleek Iturripen (Zapatua, 19:00): "Lastima gure txapelketetan ez dagoela atsedenik, talde askok ligako partiduak izango dituztelako ordu horretan. Dena dela, aukera aparta da maila goreneko eskubaloia etxean bertan ikusteko", dio Andoni Arandok.
Iaz maila gorenera igo zen Bidasoa Irun eta Kantabriako DS Auto Gomas Sinfin taldeak izango dira zein baino zein gehiago: "Bi taldeak dabiltza mailari eusteko borrokan, eta Espainiako selekzioan talde horietako jokalaririk ez dagoenez, esango nuke jokalari gehienak ekarriko dituztela Iturripera".
Sailkapenean 11 punturekin
Ligako etena ondo aprobetxatu gurako dute bi taldeek –otsailaren 4an ekingo diote ostera ere Asobal Ligari–, eta ez daude opariak egiteko. Kantabriako taldea 14. postuan dago (11 puntu), jokatutako 15 partiduetatik 5 irabazita, eta gertu ditu jaitsiera postuak. Bidasoa Irun ez dago askoz ere hobeto, gipuzkoarrek ere 11 puntu dituzte, garaipen bat gutxiakorekin, baina hiru partidu berdinduta: "Bidasoa Irunek, gainera, gainean du Euskal Kopa, eta txapelketa horretara begira prestaketa moduan ere ondo etorriko zaie Iturripeko lehia".
Ligan Bidasoak irabazi zuen
Ligako bigarren jardunaldian jokatu zuten bi talde horiek elkarren kontra, Bidasoa Irunen kantxan, eta orduan gipuzkoarrek 28-21 irabazi zuten. Ikusteko dago zein egokitzen den azkarren Iturripeko kantxara. Ligan, berriz, otsailaren 11n izango dira bi talde horiek, ostera ere, aurrez aurre.
Bidasoaren itzulera Arrasatera, 12 urte eta gero
Tarteka Debagoieneko kantxetan Asobal mailako eskubaloiaz gozatu ahal izan dute bertako zaleek. Europako eta Munduko Txapelketek ematen dute horretarako aukera, ligan etena egiten dutelako. Duela bi urte, esaterako, Oñatiko Zubikoan izan ziren Bidasoa eta Anaitasuna. Eta 2012an Helvetia Anaitasuna eta Balonmano Huesca izan ziren aurrez aurre, ostera ere Oñatin. Hala, hamabi urte egin behar dira atzera halako mailako partidu bat Iturripen jokatu zutela gogorarazteko.
2005ean, Arizmendik antolatutako Kilometroak jaiaren bueltan, –eta Pitxi Herreroren lehenengo oroimenezkoa zela aprobetxatuta–, Bidasoa Irun eta Teka Kantabria taldeen arteko partidua jokatu zuten Iturripen.
Norgehiagoka ikusteko sarrera 5 eurokoa izango da, baina gazteek eta klubeko bazkideek doan ikusi ahal izango dute partidua.