Lanez lepo, baina aldi berean "oso pozik" daude Arrasateko Aita Menni ospitalean; izan ere, duela hamabi egun errefuxiatuei laguntzeko martxan jarritako arropa kanpaina espero zutena baino arrakastatsuagoa izan da.
Neguan Greziako kanpalekuetan dauden errefuxiatuen egoera are gordinago bihurtzen da, eta horri erantzun bat eman nahian abiatu zuten arropa bilketa kanpaina. Ospitaleko elkartasun arduradun Egoitz Zabalak azaldu du Greziatik eskatzen dutena neguko arropak direla, eta batez ere gizonezkoendako arropak, urteko sasoi honetan itsasoz iristen diren gehienak gizonezkoak direlako, azaldu duenez.
Materialaren bidalketa
Zabalak azaldu duenez, presazkoena zapatak eta galtzerdiak dira. Hori dela eta, gaur bertan, astelehena, hasiko dira oinetakoz betetako kaxak Arrasateko egoitzatik ateratzen, Greziarantz bidaltzeko. Furgonetaz Valentziara helduko dira lehenik, eta handik, itsasoz Greziara, materiala herrialde hartan dauden kanpaleku desberdinetan banatzeko.
Jasotakoa errefuxiatuei helarazteko hiru Gobernuz Kanpoko Erakunderekin elkarlanean dihardute Aita Mennikoek. Norvegiako Lighthouse Relief, Espainiako Proactiva eta Irlandako Mo Chara dira elkarte horiek.
Kanpainaren bultzatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete kanpaina berezi honetan euren ekarpena egin duten guztiei.