Frutak, barazkiak, hestebeteak, gozogintzako produktuak, kontserbak, bakailao gazitua, ozpinetakoak... Askotariko produktuak erosteko aukera egon da gaur Arrasateko Biteri plazan lehen aldiz egin duten elikagaien azokan. Hamar postu egon dira denera, besteak beste Ordiziatik, Berriztik, Mallabitik eta Bilbotik etorritakoak. Felix Barcina artisauarena izan da herriko postu bakarra.
Eguraldi eskasa egin arren arrasatearrak animatu dira erosketa poltsak eskuetan hartu eta erosketak egitera, eta hainbatek eskertu du zapatuetan ere azoka egotea. “Astean zehar ezin dut Azoka Plazara joan, eta gaurkoa alternatiba ona da erosketak egiteko”, aipatu du, esaterako, gazte batek.
Udalaren ekimenez jarri da martxan zapatuetako azoka, eta proba moduan, abendura bitartean zapaturo egongo da.