Gipuzkoako Foru Aldundia apustu berezia egiten ari da sustapen ekonomikoaren arloan eta apustu horren baitan, enpresa arrasatearrak lehiakortasunean eta berrikuntzan egiten duen lana goraipatu du Olanok.
Eraldatu Gipuzkoa izeneko programaren barruan, Aldundiak laguntza bat eman die hainbat enpresei, lehiakortasunaren ikuspegitik, euren proiektuak garatu ahal izateko. Hain zuzen ere, material birziklatu eta birziklagarrietan oinarritutako motxilak merkaturatuko ditu Ternuak, laguntza lerro horri esker.
Jesus Anduaga Ternua Group-eko kontseilari delegatua gustura azaldu da produktu berri honekin eta itxaropentsu dago merkatuan izango duen arrastarekin.
Nazioarteko merkatuan
Ternua Group-en hainbat herrialdetako 175 profesionalek egiten dute lan gaur egun, eta aire zabaleko kirol jardueretarako ezaugarri tekniko aurreratuak dituzten jantzi eta osagarriak diseinatu, ekoitzi eta merkaturatzen dituzte.
Bere produktuak Europa, Asia eta Amerikako 50 herrialde baino gehiagotan merkaturatzen ditu enpresa arrasatearrak. Fakturazioaren %36 nazioarteko merkatuetan gauzatzen ditu eta portzentaje hori %45ekoa izatea dute helburu 2018rako.