Gaur goizean landatu dute Arrasaten Arbolapetako zuhaitz berria. Quercus robur espeziekoa da, hau da, haritza, 2015eko otsailean landatu eta iazko azaroan kendu zutena bezala. Gaur jarri dutena, baina, ordukoa baino txikiagoa da, eta horregatik espero da hobeto egokituko dela.
Kataluniatik ekarri dute gaur Arbolapetan landatu duten zuhaitz berria, bospasei urte dituen haritza, eta enborrak, 18-20 zentimetro inguruko perimetroa du. 2015eko otsailean landatu eta iazko azaroan kendu zuten zuhaitza baino txikiagoa da oraingoa, eta hala, espero da hobeto egokitzea Arbolapetara. Lur bejetalarekin eta harriekin estali dituzte sustraiak.
Landatze lanak Cespakoek egin dituzte, eta hauek arduratuko dira baita ere mantentze lanez. Negu partean ez, baina uda aldean astean behin ureztatu beharko dute behintzat.
Udalak jakinarazi duenez, zuhaitz berriak 147,80 euroko kostua izan du.