Abenduarekin hasi zuten kanpaina, eta eskualdeko gainerako herrietan batutakoarekin tona eta erdi badute dagoeneko. Denaren beharra izango da, kanpalekuetan duten jaki kopuruak behera egin omen du eta nabarmen: "Irina, azukrea eta olioa lehen hilero banatzen zituzten, eta orain bi edo hiru hilean behin, eta hori zerbaitegatik da, elikagaiak erosteko Nazio Batuen Erakundeari dirua ematen dioten herrialdeek nabarmen murriztu dituztelako kopuruak", dio Saharaldeba elkarteko Saleh Salekek. Espainiak, adibidez, aurretik ematen zuenaren %20 baino ez omen du eman 2016an.
Sahararen aldeko elkarteetako kideek EH Bilduko eta Podemoseko ordezkariak izan dituzte gaur lagun esku-orriak banatzen, eta eskertu nahi izan dute, baita ere, udalen laguntza. Opor ostean ikastetxeetara eramango dute kanpaina; sentsibilizazioa izango dute helburu, eta iragarri dute beste elkarte eta alderdi politiko batzuk ere batuko zaizkiela.
Sahararen aldeko euskal karabana otsailean abiatuko da kanpalekuetara, kanpainan bildutako guztiarekin.