"Gaurko omenaldia errekonozimendu bat da urte luzez gure elkarteko bazkide izan direnei. Opari xume bat eman nahi diegu, besterik ez". Hitz horiekin azaldu du Abaroa elkarteko presidente Jose Rivierek gaur, hilak 28, Etxaluzen egin den omenaldiaren helburua.
90 urte edo gehiago dituzten 50 bat bazkide omendu dituzte, Gabonetako produktuez osatutako opari bana emanda. Rivierek berak hartu du hitza hasieran, eta omenduak beste urtebetez aurrez aurre ikusteak poz handia eragiten diola nabarmendu du. Maria Ubarretxena alkateak hartu du hitza ondoren eta, besteak beste, adineko jende horrek bizitzan zehar egin duen lana goraipatu du.
Koroaren kantak
Omenduen artean Inaxi Llodio dago, aurten 99 urte egin dituen emakume arrasatearra. Horrenbeste urte egiteko sekretua zein den kontatu digu eta baita 2017ari zer eskatzen dion ere: "Egun ederra da gaurkoa. Etxetik kanpora paseatu... Gustura. Lan asko eta gutxi jandakoak gara gu; asko aldatu dira gauzak, nire garaian ez zegoen horrelako omenaldirik. Urte berriari bakea eskatzen diot batez ere".
Omenaldia borobiltzeko, Abaroa elkarteko koroak Gabon giroko kantak abestu ditu, tartean Hator-Hator kantu ezaguna.