Izotz artifiziala, baina benetako gozamena

Xabi Gorostidi 2016ko abe. 26a, 16:06

Arrasateko Udalak bigarrenez ekarri du Gabonetako izotz pista, iazkoaren arrakasta ikusita. Abenduaren 23an zabaldu zituen ateak eta urtarrilaren 8ra arte iraungo du zabalik goizez eta arratsaldez.

Iaz izandako arrakasta ikusita, aurten bigarrenez jarri du Arrasateko Udalak izotz pista Biteri plazan. Pasa den egubakoitzean zabaldu zuten, eta jende ugari bertaratu da ordutik patinaje botak jantzi eta ondo pasatzeko asmoz.

"Umeak primeran pasatzena ari dira. Makina bat aldiz jausi dira, baina umeak dira eta ez dute minik hartzen, eta aurten ere, harrera ona izan du herrian" azaldu du Jon Arana izotz pistako kudeatzaileak. 

Lagun zein familiekin etortzeko denbora pasa aproposa da. Patinatzeaz gain, hockeya praktikatzeko aukera ere bada bertan, eta hasieran oreka mantentzea kostatzen den arren, erraz ikasten dute neska mutikoek.

Euro baten truke ordu laurdeneko bi txanda egin ditzakete haurrek. Hala ere iazko prezioei dagokionez igoera jasan du gurasoen sarrerak, eta euro batetik bira pasa da.

Saioak ordu laurdenekoak dira eta asko jota aldi berean 70 pertsona aritu daitezke bertan. Hala ere, masifikazioak saihesteko 60 laguneko muga ezarri dute kudeatzaileak. "Berez 70 pertsonentzako aforoa du. Baina 40 lagunetik gora daudenean, zoramena, patinatzaile asko, zarata asko… eta horregatik saiatzen gara 60 lagun baino gehiago ez sartzen" adierazi du Aranak.

Izotz pistak goizez eta arratsaldez zabalduko bere ateak urtarrilaren 8a bitartean, nahiz eta urtarrilaren 1ean itxita egongo den. Goizetan 11:30etatik 13:30ak arteko ordutegia izango du eta arratsaldez, aldiz, 16:30etatik 20:00ak artekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak