Udal aurrekontua 31.520.472 eurokoa izango da. Pertsonal saileko gastuek eta Udal Zerbitzuen gastuek aurrekontuaren %60a gainditzen dute, eta gainera, aurten, inbertsioak egiteko diru gutxiago izango du Udalak, Gipuzkoako Diputazioak burututako balio katastralaren berrikuspenak ezarri dituen balio berriek zerga bilketagatik Udalak diru kantitate gutxiago biltzea ekarriko duelako.
"Eraginkortasuna eta zuhurtzia"
Horregatik udal baliabideak eraginkortasunez eta zuhurtziaz kudeatzeko, egungo testuingurura egokitutako aurrekontu errealista eta arrazoizkoa landu ditu Arrasateko Udalak. Helburu nagusia da, azaldu dutenez, arrasatearren bizi kalitatea hobetu eta haien beharretara egokitutako etorkizuneko Arrasate eraikitzea. "Horretarako herritarren gizarte beharrei erantzutea, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea eta proiektu estrategikoei jarraipena ematea lehenetsi ditu Udalak datorren urteari begira", adierazi du gobernuak.
Era berean, gobernuak gogora ekarri du aurrekontua erreminta bizi bat dela eta urtean zehar hainbat kreditu aldaketa egin daitezkeela dauden beharren arabera: "Aurrekontuaren dokumentua bizirik dagoen lan tresna da eta beharrezkoak diren moldaketak egin ahalko zaizkio Arrasate eta arrasatearren egungo kezka, eskaera eta beharrei erantzun diezaion".
"Pertsona erdian"
Gobernuaren arabera, oposizioko Baleikek eta Irabazik kontrakoa adierazi bazuten ere, arrasatearrak daude aurrekontuaren jomugan. Hau da, pertsonak. Horren adibide da atzoko osoko bilkuran zehaztu zutenez, gizarte ongizate sailak %7ko igoera izan duela 2016ko aurrekontuarekin alderatuz: "Laguntza, prestazio eta gizarte programa guztiak mantendu dira, beharrezkoa balitz horiek handitzeko konpromisoa hartuta". Bideratutako diru kopurua handitzeaz gain, adineko pertsonei bideratutako ekintza programa bat garatu eta beren etxebizitzetako instalazioen mantenu lanetarako diru partidak txertatu dira, adinekoen ongizatea eta zahartze aktiboa sustatu eta bermatzeko.
Enpleguan, %9ko igoera
Jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren sustapenerako kontu sailak aldiz, %9ko igoera izan du 2017ko aurrekontuan. Horiek horrela, langabetuak eta gazteak kontratatzeko programa 58.000 eurotan handitu da eta haien formakuntza bultzatzeko 30.000 euroko kontu saila sortu da. Berritasun modura, Arrasate, Debagoienako trakzio buru bihurtzeko ekimenak, kanpo ezarpen berrietarako diagnosia, merkataritzarako ekintza plana eta udal titulartasuneko lursailetan egin litezkeen enpresa jardueren bideragarritasun proiektuak burutzeko kontu sailak ere jaso dira.
Kulturolarako 1.250.000 euro 2017an
Inbertsioen artean, agintaldiko apustu estrategikoa izango da, Kulturola egitasmoaren barruan, Aprendices eta erlojuaren eraikina birgaitzearena; 2017an 1.250.000 euro bideratuko dira bi eraikinetarako. "Konpromisoa hartu dugu kultur taldeekin agintaldi honetan bi eraikinak birgaitzeko".
Auzoek lehentasuna
Gobernuaren beste apustu bat izan da auzoei lehentasuna ematearena. Helburu horretan honako esku-hartzeak aurreikusi dituzte: Makatzena auzoko igogailuaren proiektua –pilotalekuan, parkean eta aparkalekuan interbentzio integral bat egingo da–, Biteri eta Itxaropena parkeak berritzeko partida zuzena edota Uribarriko atzealdea berriro urbanizatzeko eta Toki Argiko teilatua konpontzeko kontu-sailak.
Beste apustu batzuk
Horiez gain, gobernuak beste eginbehar batzuk zehaztu ditu 2017ko aurrekontuaren dokumentuan: herriko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko hainbat ekimen, euskara ikasteko aukera berriak, gazteen emantzipazioa bultzatzeko alokairurako laguntzak, Umeen Kontseiluaren eraketa...
Oposizioaren lana txalotzen emendakinen arloan
EAJko bozeramaile Anuska Ezkurrak lehenago eta PSE-EEko Oscar Garciak ondoren, oposizioko talde guztien lana eskertu dute emendakin landuak aurkeztu direlako. Gobernuak bost emendakin onartu ditu eta horien artean aipagarrienak dira Etxezarreta eremuko lurrak erosteko eta Amaia antzokian obrak egiteko emendakinak. Etxezarretari dagokionez, EAJk adierazi du gobernuak eremu hori erosteko "borondate irmoa" duela, baldin eta eta gaia aztertzen denean –5.000 euroko partida– azterketa hori positiboa izaten bada.
EH Bilduren negoziaziorako "jarrera positiboa"
Gobernuak alderdi politiko guztiekin egindako lana eta horiekin akordio puntualetara iristeko izandako gaitasun eta borondatea azpimarratu ditu, baina EH Bilduren negoziaziorako "jarrera positiboa" azpimarratu dute. "Aurrekontu proiektuaren bitartez 2017an aurrera eramango diren ekimenek arrasatearren kezka eta beharrei erantzutea da gure helburua eta horretarako oposizioarekin lan egin dugu azken hilabetean, udal gobernuaren proiektua osatu, hobetu eta herriaren eta herritarren nahiak kontutan izanik guztien artean etorkizuneko Arrasate eraikitzeko", gaineratu dute.