Arrasateko EH Bildu abstenitu egingo da udal aurrekontuaren bozketan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko abe. 20a, 15:13
EH Bildu udal taldeko zinegotziak azaroaren 29ko osoko bilkura hasi baino lehen.

Udal Gobernuak Etxezarretako eremua erostea ahalbidetu izana da EH Bilduk abstentziora jotzearen arrazoi nagusia; erabakia atzoko herri batzarrean hartu zuten: "Eragileek egindako lana goraipatu nahi dugu eta egitasmoa borobiltzeko EH Bilduren determinazioa gakoa izan dela sentitzen dugu". Hala ere, "argazkien eta gauzatuko gabeko planen" agintaldia izaten ari dela diote. Gaur egingo da osoko bilkura, 18:00etan.

Jarraian, Arrasateko EH Bilduren oharra osorik:

"Gure abstentzioaren arrazoi nagusia Etxezarretaren erosketa ahalbidetzea da. Izan ere, herritarren, eragileen eta gure oinarriaren apustua aintzat hartuta, Etxezarreta publiko egin eta arrasatear guztiona izatea oso onuragarria izango dela uste dugu. Erosketa honekin, arrasatearrok 81 hektarea berreskuratuko ditugu gure birika, ondare eta gozamenaren alderako; gainera, etorkizunean arrasatearrondako interesgarriak eta probetxugarriak izan daitezkeen proiektuak garatzeko aukera ematen digu. Proiektua bultzatzen ari diren eragileek egindako lana goraipatu nahi dugu eta egitasmoa borobiltzeko EH Bilduren determinazioa gakoa izan dela sentitzen dugu.

Dena den, prentsan salatu dugun bezala, argazkien eta gauzatu gabeko planen legealdia ari da izaten. Eta edukiak mahai gainean jartzen hasteko momentua hasten denean, eta aurki ezingo da argazkiz mantendu udala, EH Bilduren ideia batzuk bere ari da egiten gobernua. Iazko ezezko borobilak leuntzen ari dira hileta zibilen alorrean, Arrasatek Hezi egitasmoan edota azokan parte hartze prozesuek atzeraeraginez arrazoia ematen digutenean. Amaia antzokiaren gaia ere mahai gainean jarri dugu, kultur eraikin berrien distiraren kontrapuntu lez. Hori EH Bilduk jarri du mahai gainean, eta onartu izana balioztatzen dugu abstentzio kritiko batera jotzean.

Hori bai, hauspoa ez da betirako. Infernuko hauspoak ere, haize berria behar du soinua egingo badu. Gaurko abstentzioak ez du biharko akordioa ekarriko, bidean ez bada onurarik arrasatearrentzat. Borondateak ez direlako gaurko plenoan edo aurrekontu batzuetan soilik erakutsi behar, urte osoko lanketetan baizik. Arrasate justuago, euskaldunago, berdeago eta solidario baten norabidean ez bagoaz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak