Espaloi gainean aparkatzen dutenei, abisu moduan, oharrak jarriko dizkie Udalak datorren astetik aurrera

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko abe. 6a, 09:25

"Herriko mugikortasuna zein irisgarritasuna hobetzea eta bereziki oinezkoak eta haien segurtasuna lehenestea" da helburua eta horretarako espaloi gainean aparkatzen duten ibilgailuen kopurua murriztu nahi du Udalak.

Arrasateko Udalak, "herriko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetze aldera", martxan du dagoeneko Mugikortasun Plan berriaren idazketa eta horren baitan "arreta berezia jarri nahi dio egungo aparkalekuaren egoerari, ugariak izan baitira honen inguruan atzeman dituen arazoak, baita herritarrengandik jasotako kexak ere".

Udalak adierazi duenez “ibilgailu asko dira gaur egun espaloi gainean aparkatzen dutenak eta horrek izugarri kaltetzen ditu herriko auzoak eta espaloiak”. Ibilgailu horiek, "gainerakoen ibilbidea oztopatzeaz gain, oinezkoen segurtasuna ere arriskuan jartzen dute, hauek ez baitute nahikoa tokirik eta ondorioz, zenbait eremutan errepidera atera behar izaten dute bidean aurrera jarraitu ahal izateko".

Mugikortasun Plana garatzeko egin berri den diagnosian oinezkoek identifikatu duten arazo nagusia horixe izan da: ibilgailuak espaloietan topatzearena, alegia. Ildo beretik, eskolara oinez kanpainaren baitan ere, zenbait puntu beltz atzeman dituzte eskola bideetan.



Abenduak 12 -18, abisuak

Beraz, Udalak zenbait neurri hartu ditu aipatutako mugikortasun eta irisgarritasuna hobetu eta bereziki oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Datorren astean, abenduaren 12tik 18ra bitartean esaterako, informazio kanpaina bat egingo du herritarrei eta bereziki ibilgailua erabiltzen duten arrasatearrei aparkalekuaren inguruan aurrerantzean hartuko diren neurrien berri emateko. Horretarako, bandoak jarriko ditu ikusgai herriko ezkaratzetan eta gaizki edota espaloi gainean aparkatuta dauden autoei ohar bat jarriko die, abisu moduan, ibilgailuaren haizetakoan. "Kanpaina horren ondoren, egoera berdina errepikatuko balitz eta autoek lekuz kanpo aparkatzen jarraituko balute, Udalak, ezinbestean, araudiak jasotako penalizazioa jarri beharko die", azaldu dute Udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak