Arrasateko Memoriaren Plaza txiki geratu da memoria historikoari buruzko ekitaldia jarraitzeko. Adin eta sentsibilitate guztietako herritar ugarik gertutik jarraitu nahi izan dute Intxorta 1937 Elkartekoek eta Paco Etxeberria antropologoak esateko zutena.
Eneko Azkarate kazetariak saioaren aurkezpena egin ostean Juan Ramon Garai Intxorta 1937ko kideak hartu du hitza. Frankismoak eragindako kaltea agerian uzteko Arrasaten burututako ekimenak azaldu ditu. Frankoren aldekoek hasieratik edukitako aitortzaren aurrean, gerra galdu zutenen aitortza falta orekatzeko Oktubre taldeak egindako lanak aipatu ditu.
Herriko fusilatuen zerrenda, gerraren eraginari buruzko liburua edota fusilatuak herriko ohorezko seme izendatzeko eskakizunak izan dira horietako batzuk, eta Jose Luis Iñarra abadeak izandako jarrera ere goraipatu du.
1986an taldea sortzerakoan babes instituzional falta eduki zutela adierazi du. Geroago heldu zen babes hori, eta horren erakusle da 2003an Laubiden jarritako oroimen plaka. Hala ere, 1986an, babes hori beharrezkoagoa zela azpimarratu du, "garai horretan gerra zibileko lekuko askoz gehiago zeudelako bizirik".
Memoriaren plazako bi aretoak jendez gainezka izan dira gaurko saioan.
Garairi Julia Monjek hartu dio testigua. Garaik eta bere taldekideek egindako lan mardula eskertu du, eta etorkizunean egiteko dauden urratsak izan ditu hizpide. Zentzu horretan, 1931. urteko Arrasateko Udal ordezkariak omentzeko proposamena egin du. Fusilatuak, heriotza zigorrera kondenatuak, edo erbestera behartuak izan ziren, besteak beste, eta hori dela eta, herriaren aitortza egitea beharrezkotzat jo du.
Azkenik, memoria historikoaren alorrean lan azpimarragarria egin duen Paco Etxeberriak hitz egin du. Horren erakusle garbia da azken hamasei urtetan 500 hobi baino gehiagotik 8.000 gorpu ateratzeko egin duen lana.
Memoria historikoaren eraikuntza datu historikotan oinarritu beharrean, giza eskubideetan oinarritu beharko litzatekeela azpimarratu du Etxeberriak. Zentzu horretan, unibertsitateko historialari asko haserre daudela aipatu du. "Begi txarrez ikusten dute memoria historikoaren eraikuntza irakasleek, zientzialariek, idazleek edota rock abeslariek egitea" esan du. Memoria edukitzeko "eskubidea denona" dela azaldu, eta hau exijitzeko eskubidea ez litzatekeela inoiz agortu behar defendatu du.