Arizmendiarrietaren hilkutxa San Juan Bataiatzailearen elizara lekualdatu dute

Maite Txintxurreta 2016ko aza. 24a, 15:08

Kooperatibismoaren aitaren gorpuzkiak San Kristobalgo hilerritik San Juan Bataiatzailearen parrokiara eraman dituzte. iaz jaso zuen Beneragarri izendapena elizarengandik, eta gaurkoa, santu egiteko bidean aurrera pauso bat gehiago da.

Goizeko hamarretan San Kristobalgo kanposantuan elkartu dira elizako ordezkariak, peritua eta On Jose Maria Arizmendiarrieta zenaren familiartekoak. Bertan, kanposantuko langileek kooperatibismoaren aita izan zenaren hobia ireki eta hilkutxa bertatik atera dute. Manipulatua izanaren zantzurik ez zuela egiaztatuta, gorpuzkien ikuskapena egin dute adituek.

1999az geroztik egon dira San Kristobalen gorpuzkiak. Izan ere, apaiza 1976an hil zen arren, lehenik Aldaiko kanposantuan lurperatu zuten, eta hogeita hiru urte geroago aldatu zuten lekuz.
 
Bada, behin hilkutxa aterata, peritu mediku batek aztertu ditu hezurrak gela itxi batean, Donostiako gotzaintzako ordezkariek eta eliz tribunaleko lau kidek prozesua ikuskatu bitartean. Izan ere, zuzenbide kanonikoak dio prozesua hala egin behar dela, erlikia modura erabil daitezkeen zatiak galtzea galarazteko.
 
Iazko abenduan Aita Santuak Beneragarri izendatu zuen Arizmendiarrieta, eta horren ostean beatu eta santu izendapenak etorriko lirateke.

Hobiratze ekitaldia

Ikuskapena bukatzean, gorpuzkiak hilkutxaz aldatu eta elizara jaitsi dituzte, bertan gordetzeko. Zeremonia horretan, besteak beste, Arrasateko kooperatibaren sortzaileak, Jose Maria Ormaetxea eta Alfonso Gorroñogoitia, izan dira.
 
Hala, aurrerantzean San Juan Batailatzailearen elizan izango dira Arizmendiarrietaren gorpuzkiak, Errosarioaren amabirjinaren erretaularen beheko aldean, hain zuzen.
 
Domekan Arizmendiarrietaren heriotzeko 40. urteurreneko meza egingo dute parrokia horretan bertan, Donostiako gotzain Jose Ignacio Munilla etorriko delarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak