Txatxilipurdi truke merkaturako jostailuak batzen hasiko da asteon

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko aza. 21a, 11:51

Aurten ere Jostailu Truke Merkatua antolatuko du Txatxilipurdik. Azaroaren 23tik abenduaren 14ra bitartean jostailuak batzen arituko dira herriko txoko ezberdinetan eta jostailu trukea abenduaren 17an egingo da Biteri plazan, 11:00etatik 13:00etara.

Arrasateko erdigune eta auzoetako txoko ezberdinetan jostailuak batuko dituzte bederatzi egunetan zehar. Asteon hasiko dira jostailuak biltzen. Jostailuak egoera onean egotea da eskatzen den ezaugarrietako bat. "Izan ere, beste bat hartzera goazenean, egoera onean dagoena gustatuko litzaiguke hartzea denoi", adierazi dute. Bestalde, sexu bereizketa egiten duten jostailuak edo eta indarkeriaren aldeko jarrera erakusten dutenak ez dituzte onartuko. Gainera, jostailu guztiek balio bera izango dute eta jostailu bakoitzeko truke txartel bat jasotzeko aukera egongo da.

Azoka handia abenduaren 17an Biterin

Truke txartel horrekin, abenduaren 17an, Biterin jarriko diren jasotako jostailu guztien artean beste bat hartzeko aukera egongo da. 11:00etatik 13:00etara bitartean egongo da aukera, beti ere, aurrez txartela izanez gero. "Egunean bertan, momentuan sortutako jostailuak trukatzeko aukera egongo da, baina ez etxetik ekarritakoak, ezin baitugu ziurtatu osorik dauden edo ez", gaineratu dute.

Trukean parte hartzeko gonbidapena egin dute Txatxilipurdikoek: "Etxeko armairu eta apalak aztertu eta erabiltzen ez diren jostailuei beste erabilera bat ematera animatu nahi ditugu haur eta gazteak. Kontuan izan, trukean hartzen den jostailua aurrez duzuna baino hobea izan daitekeela edo gutxienez ezberdina izango dela probatu ahal izateko".

Jostailuak biltzeko hitzorduak

Jostailuak jasoko dituzte bederatzi egunetan, 17:30etik 19:00etara bitartean, honako leku eta egunetan:

Azaroan:

  • 23an Arimazubi plazan
  • 24an Santa Marina plazan
  • 25ean Herriko plazan
  • 29an Okendo ludotekan
  • 30ean San Antolin parkean

Abenduan:

  • 1ean Usaetxeko ludotekan
  • 12an Santa Marinako ludotekan
  • 13an Okendoko ludotekan
  • 14an Arimazubiko plazan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak