XIX. mende erdialdeko Segovian kokatutako istorioa kontatzen du Izaskun Murgia Elkarte Lirikokoek Arrasate Musikaleko musikariekin batera landu eta estreinatu duten La del Soto del Parral obrak. Eta protagonisten esanetan nahiko zarzuela zaila izan arren, ikusleek nota oso ona jarri diete; horren adierazgarri, bukaerako txalo zaparrada luzea.
Protagonistek (batzuk paper oso komikoetan eta beste batzuk oso dramatikoetan) ederki asko bete dute beraien lana, eta taldean interpretatutako piezetan trebe ibili dira antzezleak. Gauza bera esan daiteke musikarien eta dantzarien kasuan, eta dekoratuak eta jantziak prestatzen azken hilabeteetan burubelarri ibili direnek ere aparteko lana egin dute. Publikoak, beste urte batez, erantzun ona eman dio zarzuelari, eta antzokia ia goraino bete da. "Oso hunkigarria izan da'', zioen ikusleetako batek obra bukatzean; aktoreen dramatizazio ona azpimarratu du beste batek.
Urtero bezala, gainera, elkartasunak ere izan du bere tokia zarzuelan: atsedenaldian Harreman elkartekoek sari bat zozkatu dute, eta txartelen bidez ateratako dirua Indian eta Mozanbiken dituzten proiketuetarako izango da.
Zarzuela ikusteko hurrengo aukera bihar, domeka, izango da, 19:30ean. Datorren astean besteb bi emanaldi egingo dituzte: hilaren 25ean, egubakoitza, 20:00etan; eta hilaren 26an, zapatua, 19:30ean.