1936ko Ertzaintzaren lehen promozioko kideetako bat izan zen Migel Etxagibel arrasatearra. Tropa faxistengandik ihesi, Bizkaian errefuxiatu zen, eta han zegoela sartu zen orduko Ertzañan.
Jose Antonio Agirre Lehendakari zen sasoian Getxon lehenik eta ondoren Deustuko komisaldegian egin zuen lan, harik eta frankistek Bilbo hartu zuten arte.
Apirilaren 16an Etxagibel bera eta 1936ko lehen promozio hura omentzeko ekitaldia egin zuten Arrasateko Udaletxean, familiartekoak, lagunak ordezkari instituzionalak batuta. Bertan, Urkullu lehendakariak esan zuen ordukoek egindako lanaren fruitu dela gaur egungo Ertzaintza.
Hain zuzen, omenaldi horren harira Goienak Etxagibel elkarrizketatu zuen apirilean. Ezustean harrapatu zuen omenaldiak, eta umil azaldu zen: "nik ez dut uste horrelako omenaldirik merezi dudanik", zioen orduan.
Haren aldeko hileta elizkizuna gaur izango da, martitzena, iluntzeko zazpietan Arrasateko San Juan batailatzailearen parrokian.