Pil-pilean egon zen atzo, zapatua, Arrasateko gaztetxea. Donostia-Andoaingo Ezin Izan taldeak ireki zuen gaua. Baziren 28 urte Arrasaten joten ez zutena eta gogotsu ekin zioten omenaldi gauari.
Arrasateko Perlata taldea izan zen agertokira igotzen bigarrena. Maialenek, Jaionek, Anek eta Anderrek osatzen duten taldea zeresana ematen hasi den taldea eta ezusteko ona izan zen atzokoa; eszenaratze dotorea erakutsi zuten eta entzuleekin konektatzeko erraztasuna. Laukotearen punk-popak dantzan jarri zituen gaztetxean batutakoak.
TxerRIPkumeak, kontzerturako propio sortutako taldea izan zen kontzertuari amaiera eman ziona. Hamabi lagun agertokian eta oso ondo prestatutako The Clash, Stiff Little Fingers eta Dammed moduko taldeen bertsioak egin zituzten; RIPeko kideek hasieran entzuten zituzten taldeen bertsioak, hain zuzen. 30etik gora abeste jo zituzten guztira, amaieran Puñetazo eta Zirrosis taldeen abesti banarekin eta RIPen birekin amaitzeko.