Arrasateko alderdi politikoek diote, euskal erakundeen asmoa dela herritar guztiei "gonbit egitea bai iragana, bai gizarte osoak jasan zituen ondorio lazgarriak ez ahaztera".
Hona hemen, adostutako adierazpena, oso-osorik:
"Memoriaren Eguna ospatzen dugu gaur. Oroipen-egun honetan, euskal erakundeon asmoa da herritar guztiei gonbit egitea bai iragana bai gizarte osoak jasan zituen ondorio lazgarriak ez ahaztera, bereziki biktima batzuek jasan zituztenak, hain zuzen beharrezkoa delako aitortzea beraien mina eta pairamena ez zirela bidezkoak izan. Biktima horiei elkartasuna zor diegu, baita hurbiltasuna, egia, aitortza eta erreparazioa.
Era berean, Memoriarekiko hitzordu honek elkarrizketa plurala sustatu nahi du, baita sekula errepikatu beharko ez den iraganeko hari buruzko gogoeta kritikoa ere. Hartara, elkarbizitza ezartzeko borondate eraikitzailea partekatuko da, Euskadiren orainerako eta etorkizunerako, oinarri harturik ideia-aniztasuna, oinarri demokratikoak eta giza eskubideen defentsa.
Horregatik guztiagatik honakoa adierazten dugu:
- Inoiz ez direla ez gertatu ez justifikatu beharko gure arteko indarkeria- eta terrorismo-agerbideak.
- Giza eskubideak hautsi ditzakeen edozein mehatxuri sendo egingo diogula aurre.
- Gure borondatea, Euskadiren orainerako eta etorkizunerako, bide baketsu eta demokratikoetan sakontzean datzala, horixe baita formula bakarra elkarbizitza libre eta baketsua eraikitzeko".