Arbolapetako haritza kendu dute

Ibon Carmona 2016ko aza. 9a, 12:35

Arbolapetak arbola berria izango du. Gaur goizean, duela hilabete batzuetatik hilda aurkitzen zen haritza kendu dute. Udaberrian, azterketa egin zioten arbolari, eta hau sustraitzeko handiegia zela ondorioztatu zuten. 2017ko otsaila inguruan, haritza berria landatuko da.

Arbolapetako haritza Parques y Jardines Abadiano enpresako langileek kendu dute. Otsailean Italiatik inportatu zen arbola  ezin izan da ingurune berrira egokitu, eta aspalditik hilda aurkitzen zen. Udalaren asmoa beste haritz bat landatzea da, modu horretan, azken galdeketan parte hartu zuten herritarren iritzia errespetatuz.

Arbola berria 2017ko otsail inguruan landatuko da. Azken landaketan gertatutakoak ekidin nahian, landatuko den hurrengo arbola aurrekoa baino txikiagoa izango da, horrela hobeago sustraituz.

Udaletik jakinarazi dute, udaberrian, arbolaren egoeraren gaineko txosten bat egitea eskatu ziotela Gabriel Iguiñiz adituari. Txosten horretan, landaturiko arbola sustraitzeko handiegia zela aipatzearekin batera, adituak klimatologia aldetik ere ez zela urte ona izan gaineratu zuen.    
 
Gaur erretiratu den arbola otsailaren 21ean jarri zen. Momentu hartan, udalak arbola mota aldatzea erabaki zuen, eta udaleko webgunean galdeketa egin ostean, herritarrek Italiatik ekarritako haritza bat landatzea erabaki zuten.
 
Horren aurretik, XX. mende hasieran Canuto Aranzabalek landatutako Indiako gaztainondoa zegoen. Hau herriko ikurretako bat bihurtu zen, denborarekin hondatuz joan zen arte. Azkenean, segurtasun publiko arazoak zirela eta, 2015eko urrian moztea erabaki zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak