XI. mendean Arrasaten burdin aktibitatea zegoela frogatu dute

Xabi Gorostidi 2016ko aza. 8a, 14:06

Arrasate Zientzia Elkarteko kideek antzinako haizeola bat aurkitu zuten irailean Anporretako tontor inguruan. Bertan aurkitutako ikatz arrastoak Miamiko laborategi batera bidali zituzten 'karbono 14' proba egiteko, eta emaitzen arabera XI. mendeko azken herenekoak izan daitezke %68 probabilitatearekin.

Arrasateko burdin tradizioa noiztik datorren frogatzeko urrats garrantzitsua egin zuten irailean Arrasate Zientzia Elkarteko kideek. 1262. urteko idazki baten arabera, Sara baserri inguruko biztanleek eskutitz bat idatzi zioten Alfontso X. erregeari, bertan lortutako burdinak Arrasateko burdinoletan lantzeko eskatuz. Pista dokumental horri jarraiki burdina lortzeko labeen bila hasi ziren duela lau urte. Azken urtean Josu Etxezarraga eta Xabier Alberdi arkeologoen laguntzarekin aritu ziren, eta irailean, Anporretako tontor alboan, Gipuzkoa osoan baldintzarik hoberenetan dagoen haizeola topatu zuten.

Bertako arrasto fosilak Miamira bidali zituzten karbono 14 proba egiteko eta zein urtekoak diren jakiteko. Data zehatz mehatz jakiterik ez dagoen arren, bertan egindako probek zera frogatzen dute: %98 probalitatearekin 1020 eta 1160 urtekoak direla, eta %68 probabilitatearekin XI. mendeko azken herenekoak izan daitezkeela.

Hala ere, aurkitutako ikatzak haizeola horretako azken labealdikoak direnez, ezin daiteke jakin burdinarekin lotutako aktibitatea zein garaietan hasi zen.

Aurkikuntza honi esker, 1262 urteko proba dokumentala egiaztatu dute, eta bide batez, bertan aipatzen den burdin aktibitatea, gutxienez, bi mende aurreragokoa dela frogatu dute.

Aurkikuntza historiko nabarmena izan den arren, Arrasate Zientzia Elkartekoak gehiago aurkitzeko gogoz daude. Arrasate inguruan dagoen zepategi kopurua handia ikusita ziur daude era honetako haizeola gehiago egon behar direla.

"Zepategia baldin badago, esan nahi du nonbaiten labe bat egon dela minerala urtzen. Guk daukagun informazio baten arabera Udala aldean era honetako beste instalazio bat egon daiteke. Ziurrenik negu honetan, natura pixka bat makurtzerakoan ikustera joango gara, eta behar bada, datorren udan miaketa lanak hasi genitzake" adierazi du Xabier Bengoa Arrasate Zientzia Elkarteko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak