Minerala burdina bihurtzen zuen labe bat aurkitu dute Arrasaten

Eneko Azurmendi 2016ko ira. 13a, 14:28

Arrasate Zientzia Elkarteak eta Josu Etxezarraga arkeologoak aurkitu dute haizeola hau, Anporreta mendi inguruan. Oraindik data zehatzik ez dagoen arren, XI. eta XIII. mende bitartekoa izan daitekeela uste dute.

Jose Angel Barrutiabengoa eta Javi Bengoa Arrasate Zientzia Elkarteko kideak, duela bost urte, Arrasateko burdinaren historia aztertzen hasi ziren. Liburu eta dokumentu teoriko dezente eduki arren, ordea, proba praktikoak falta zitzaien. "Horregatik, landa lana egiten hastea pentsatu genuen", adierazi du Bengoak.

1262ko dokumentu batek dio herriko burdinginek erregeari eskatu ziotela Arrasatera bertara burdina jaisteko baimena. "Arrasaten dokumentu hau agertzen bada, burdina nonbaitetik atera beharko zuten", nabarmendu du Bengoak. Beraz, "altxorraren bila" hasi ziren zientzia elkarteko kideak eta "hainbat hutsegiteren" ondoren, burdin hondarrak aurkitu zituzten inguru honetan.

Hori ikusita, Josu Etxezarraga arkeologoarekin harremanetan jarri ziren. "Ahal izanez gero, laba aurkitzea nahi genuen", azaldu du Bengoak.

Euskal Herriko meatzaritza museoko arkeologia taldeko kidea da Etxezarraga eta aspaldiko garaietan burdina nola sortzen zen ikertzen dihardu. "Arrasate Zientzia Elkarteko kideak etorri zitzaizkigun, ea gai hau nola ikertu genezakeen galdetuz. Beraz, lekura hurbildu, leku aproposa zela ikusi eta bertan indusketa egiteko baimena eskatu genuen", azaldu du.

Aipatutako burdin hondar horien jatorria zen labea da aurkitu dutena, arkeologoaren esanetan. "Meategietatik ateratzen zen burdin mineral hori hartu eta ondoren lantegietan erabiltzeko burdina sortzen zuen labe honek, hau da, minerala transformatu eta burdina ateratzen zuen", azpimarratu du.

Gaineratu du, oraingoz, Gipuzkoa osoan ondoen kontserbatzen den tipo honetako labea dela. "40 bat zentimetroko paretak topatu ditugu; paretetako plakak eta inguruan dituen harriak ondo ikusten dira", adierazi du.

Indusketa hau egiteko laguntza Arrasateko Udaletik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik lortu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak