Arrasateko iraganari bosgarren astindua emateko prest

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko aza. 2a, 15:37

Arrasateko Iragana Astintzen hitzaldi zikloaren bosgarren edizioa aurkeztu du gaur Arrasate Zientzia Elkarteak. Aurten ere Arrasateko iraganeko kontuak  izango dira hizpide Kulturaten azaroaren 8an, 15ean eta 29an (19:00). Hilaren 22ko saioa konfirmatzeke dute oraindik.

Arrasateko Elizateak, Vasco-Navarro trena eta Pedro Bernardo Villarreal de Berriz Andicano izango dira protagonista Arrasateko Iragana Astintzen hitzaldi zikloaren bosgarren edizioan. Hitzaldi bat lotzeke dute oraindik; Arrasate Zientzia Elkartekoek aitortu dute geroago eta zailagoa zela maila akademiko altuko adituak ekartzea.

Hitzaldi zikloaren bosgarren edizioan, Arrasateko iraganeko kontu interesgarriak landuko dituzte azaroaren 8an, 15ean eta 29an. Hitzaldi guztiak Kulturateko areto nagusian izango dira, arratsaldeko zazpietan hasita. Lehen saioan, esaterako, Josu Etxezagarra arkeologoak Arrasateko Elizateak izango ditu berbagai. "Etxezarragak frogatu nahi duena da ermitak horren arraroak diren lekuetan eraiki aurretik, bertan populazio bat egon zela. Bere doktore-tesiaren gaia eta hori frogatu guran dabil", adierazi du AZEko kide Jose Angel Barrutiabengoak.

Bigarren saioan, hilaren 15ean, Vasco-Navarro trena izango da protagonista. Trenari oso lotuta dauden bi pertsona gonbidatu dituzte AZEkoek.

Hilaren 22koa konfirmatu barik

Hirugarren hitzaldia ez dute konfirmatu, aurten bereziki hainbat arazo izan dituztelako gonbidatuak lotzerako orduan. Datorren urterako aldaketak aurreikusten dituzte. "Ikusten dugu hau agortzear dagoela, zaila dela halako gaiak halako maila duen jendearekin lantzeko aukera izaten jarraitzea. Gaiak ere agortzear dira; iaz zailtasunak igarri genituen baina aurtengoa kalkulaezina izan da. Zenbat ordu pasatuko genituen telefonoz harremanak egin nahian...", adierazi du AZEko kide Xabier Bengoak. Ez dute oraindik erabaki baina esku artean duten aukeretako bat da gai baten gainean hizlari ezberdinak gonbidatzea.

Bestalde, bosgarren zikloa oso indartsu bukatuko dute. Izan ere, Madrilgo Complutense unibertsitateko Estibaliz Ruiz de Azua gonbidatu dute arrasatear esanguratsu baten gainean berba egiteko. Pedro Bernardo Villarreal de Berriz Andikanoren gainean egingo du berba Ruiz de Azuak. Arrasateko hainbat pertsonaia esanguratsu pasatu dira ziklotik eta honako hau da geratzen zaien bakarrenetarikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak