Mugikortasun planaren aurkezpena egin du Arrasateko Udalak

Xabi Gorostidi 2016ko urr. 20a, 20:21

Udal Gobernuko ordezkariek eta plana egiten lagunduko duten Intra eta Elhuyar enpresetako partaideek aurkeztu dute, jendez beteriko Kulturateko areto nagusian. Planak hiru fase izango ditu; diagnosia (abendua), parte hartze foroak (martxoa-apirila) eta gizarteratzea (ekaina).

Kulturateko areto nagusia jendez beteta zegoelarik egin zuten atzo Mugikortasun Plan Berria egiteko egitasmoa aurkezteko bilera irekian. Arrasateko udal ordezkariek eta plana egiten lagunduko dute Intra eta Elhuyar enpresetako teknikariek hartu zuten hitza, plan berria nola diseinatu nahi duten azaltzeko.  

Egun indarrean dagoen mugikortasun plana 2005 urtekoa da eta Maria Ubarretxena alkateak hau garai berrietara egokitzeko beharrarekin egin zuen sarrera.

Lorpenak eta hutsuneak

Juan Antonio Urdangarinek 2005eko planari esker lortutako hobekuntzak azaldu zituen. Lehenik eta behin, espaloiak berreskuratzeko asmoz, Zeharkaosteta, Olarte edo Alde Zaharrean egindako esku hartzeak aipatu zituen. Jarraian, garraio publikoan herri busarekin eta Lurraldebus zerbitzuarekin lortutako onurak azaldu zituen, eta trafiko astuna herritik kentzeko Olandixoko tunelak egindako ekarpenak ere. Ostean, aparkalekuen arazoa arintzeko egindako esku hartzeak zerrendatu zituen, eta batez ere, garraio bertikalean egindako inbertsioak azpimarratu zituen. Gorostiza eta Ferixalekuko igogailuek herritarren mugikortasuna hobetzeko aurrerapausorik eraginkorrenak direla azaldu zuen. “Nire ustez, igogailuena azken urteetan Arrasaten etekin sozial handiena izan duen inbertsioa izan da, zalantzarik gabe”

Hala ere, autokritika ariketa bat egin zuen, eta 2005 urteko planetik bizikleten erabilpena eta aparkalekuen erregulazioa guztiz garatu gabe geratu direla onartu zuen. Zentzu horretan Eibarrekin batera, EAE mailan tamaina antzekoan duten beste herriekiko Arrasate atzeratuta geratu dela adierazi zuen.

Hiru fase eta lau parte hartze saio

Planak hiru fase izango ditu, abenduan diagnosia, martxoa-apirila tartean parte hartze foroak eta ekainean gizarteratzea.  Diseinu teknikoa, 2005an bezala, Bartzelonako Intra aholkularitza enpresak  egingo du. Hala, euren diagnostikoak herritarren ekarpenekin osatzea du helburu plan berriak. Horretarako Elhuyar enpresa dinamizatutako lau partaidetza foro egingo dira, lehena Intraren diagnosia osatzeko, eta hurrengo hirurak parte hartze foroen fasean. Horietako lehenean, alderdi motorizatuak landuko dituzte, trafiko eta aparkalekuekin zerikusia dutenak. Bigarrenean aldiz, alderdi ez motorizatuak, garraio publikoa edo bizikleten erabilerarekin zerikusia dutenak, eta hirugarrenean aurreko bien ekarpenekin konponbide orokorrak. Azkenik, ekainean egingo den gizarteratze fasean herritarrei prozesu osoan zehar hartutako erabakien berri emango zaie.

Herritarrekin hartu emana errazteko, gai honetan interesa dutenei euren kontakturako datuak emateko aukera eman zieten eta ondoren galderen txanda heldu zen.

Herritarren kezkak eta ekarpenak

Ordubete luze iraun zuen eta herritarrekin mugikortasunarekin lotutako kezkak azaldu zituzten. Besteak beste, Muzibar-Arbolapeta hiri tartearen etorkizuna, mundu mailako puntako ereduen erreferentziak hartzea, Biteriko parking-ean libre edo okupatuta egoerak erakusteko sistemak jartzea, Ferixalekuko igogailuaren konponketen lanen moteltasuna, ertzainen eraikinean elbarrientzako sarrera falta edo aurreko planean estrategikoan zen tranbiaren desagerpena zian ziren herritarrek atzokoan aipatutako gaietako batzuk. Udal ordezkariek eta teknikariek, galdera guztiak erantzuten saiatu ziren, baina behin eta berriz azaldu zuten atzokoa ez zela proposamenak egiteko saioa, eta planean horretarako lau saio egingo direla.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak