1991n abiatu zen eta hainbat urtetarako lan finkoa izango duen itxura dauka. Udala auzoko Ingurumen Eskolak badu zeregina. Ume arrasatear gutxi egongo dira Ingurumen Eskolan egiten den lana ezagutzen ez dutenak, herriko ikastetxe guztiekin aritzen dira-eta lanean. Bada, aurten 25 urte bete ditu.
Kontzeptuaren aldaketa
Eskolako zuzendari Kandi Fernandez pozik zegoen urteurrena ospatzeko joan den domekan egin zuten ekitaldi xumean. Duela 25 urte ireki zenetik gauzak askotxo aldatu direla dio: "Ingurumen zentro bat da honako hau, ingurumen heziketa da guk hemen lantzen duguna. Bilakaera esanguratsu bat egon da gizarteak ingurumenaren inguruan duen kontzeptuarekin. Hau da, lehen ingurumena aspektu fisikoetara eta biologikoetara mugatzen zen eta orain ingurumenaz ari garenean ikuspegi askoz zabalagoa dugu. Beste hainbat esparru ere hartzen dira kontuan".
Eskolaren bilakaera
Eskolaren beraren funtzionamendua ere hobetu dela dio zuzendariak: "Egonaldi mota batzuekin hasi ginen eta gaur egun, egonaldiez gain, beste zenbait proiektutan ere murgilduta gaude". Herriko ikastetxeekin lantzen duten Agenda 21 proiektua da horren adibide garbia: "Duela hamar bat urte hasi ginen eta urtero lantzen dugu herriko eskolekin elkarlanean". Horrez gain, 20 urte bete dituen hondakinen inguruko kanpainarekin ere jarraitzen dute eta urtez urte ekintza berriak integratzen dituzte ikasturteko programan.
Udala-Besaide ibilbidearen berri
Udala-Besaide-Udala ibilbidea –PR-Gi 96 izenekoa, 6,51 kilometroKO luzera duena– ezagutzera emateko ere aprobetxatu zuten eguna. Panel informatiboak jartzeaz gain, hainbat elementu berreskuratu dira. "Elur-zuloa, karobia, ibilbidearen hasieran dagoen aska txiki bat, goiko garbitokia... Bi ordutan edozein pertsonak egiteko moduko ibilbidea da, ezagutu beharrekoa", adierazi du Fernandezek.
Ekitaldian izan ziren, 50 bat herritarrekin batera, Udaleko zenbait ordezkari. Tartean, Maria Ubarretxena alkatea: "Ibilbide gidatua oso interesgarria izan da. Ingurumen eskolako teknikarien azalpenak bertatik bertara jarraitu ditugu; aukera ederra izan dugu ibilbide eder hori ezagutzeko eta gauza berriak ikasteko".
Goiko bidetik joan ziren Besaidera eta behekotik bueltatu ziren Udalara. Ubarretxenak balioan jarri nahi izan zuen Udala-Besaide-Udala ibilbidean egin diren lanak: "Beste lekuetan ez dauden parajeak ditugu hemen eta hori balioan jarri beharra dago. Berreskuratze-lanak egin eta horiek ezagutzera ematea oso garrantzitsua da". Ingurumen Eskolaren lana ere goraipatu zuen alkateak, ikastetxeekin batera belaunaldi berriekin egiten duten lana nabarmenduz: "Ingurumen Eskolak ahalbidetzen du umeek naturarekin zuzeneko harremana izatea eta hori beharrezkoa da. Hortaz, Ingurumen Eskola beharrezkoa da".