Berdintasun arloan dagoen "utzikeria" salatu du Arrasateko EH Bilduk

Mireia Bikuña 2016ko urr. 18a, 14:30

2016ko aurrekontuetan udaletxeko sail horren eguneraketa egiteko 20.000 euroko diru partida onartu zen arren,  teknikarien txostenak eta eskariak "mahai gainean" daudela esan dute eta "kontratazio prozesurik martxan ipini ez" dela ere bai. "Indarkeria matxistak lan iraunkorra eskatzen du, ez argazkiak" azpimarratu dute.

2015eko abenduan egindako moduan, oraingoan ere, batzordeak pilatu izanaren ondorioak aipatu dituzte hedabideen aurrean. "EAJ-PSE gobernuak berdintasuna, gazteria, hezkuntza eta kirola batzorde berean batu zituen. Gainera, nahaspila horretako batzordeburuak Ogasuna ere kudeatzen du", esan dute.

Era berean, gogora ekarri dute, Arrasateko Udaleko berdintasun saila "erreferente" izan dela azken hamarkadatan Euskal Herrian. "Emakume Txoko eta Jabetze Eskola paregabeak ditu. Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko plan aitzindaria ipini zen. Prebentzioa, ahalduntzea, arreta protokoloa eta beste hainbat zerbitzu ipini ziren martxan. Baina, urteekin, zaharkituta geratu da", diote.

Horren harira, 2016ko udal aurrekontuetan, planaren eguneraketa egin ahal izateko pertsona bat kontratatzea proposatu zuen EH Bilduk. Udal Gobernuak proposamena onartu eta 20.000 euroko partida zehaztu zuen. "2016ko urrian, oraindik ez da kontrataziorik egin, ezta kontratazio prozesurik abiatu. Berdintasun teknikarien txostenak eta eskariak mahai gainean jarraitzen dute, aurrekontu saila ukitu barik. Orain, Tolosan egin dutena begiratu behar omen du batzordeburuak. Ez al zegoen Tolosan egindako duela urtebete begiratzerik? Ez dago gurean nahiko eskarmenturik? Urtebete galdu dugu. Zoritxarren erreferente gara oraindik, baina txarrerako" salatu dute.

Azaroaren 25ari begira

Azaoaren 25ean Emakumeen Kontrako Biolentziaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren harira esan dute: "Arrasateko Udal Gobernua hor izango da argazkia ateratzen. Nola ez. Baina hurrengo egunean indarkeria matxistari aurre egiteko plan integralik gabe jarraituko dugu herrian".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak