Imanol Lasa foru diputatuak arrasatearren kezka, iritzi eta iradokizunak jaso ditu

Eneko Azurmendi 2016ko urr. 6a, 13:35

Aurrekontu Irekiak izeneko partaidetza ekimenaren baitan, Imanol Lasa Gipuzkoako Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua herriz herri ari da herritarren iritzi eta proposamenak jasotzen. Gaur Arrasaten izan da, plazako karpan eta ondoren Etxaluze erretiratu elkartean.

Ekimen honek hiru helburu dituela nabarmendu du diputatuak. "Alde batetik, Foru Aldundiak zer egiten duen ondo adierazi, hau da, zeintzuk diren gure diru-sarrerak, diru-lerroak, ekintza nagusiak eta politika inportanteenak. Bigarrenik, aurrekontu proiektu berri bat ari gara lantzen hurrengo urtera begira, eta oraintxe da garaia ideia berriak, iradokizunak, hausnarketak eta horiek guztiak jasotzeko eta ahal bada aurrekontu berrian txertatzeko. Hirugarren helburu nagusia kontu ematea da", dio.

Azken helburu honi, kontu emateari, garrantzia eman dio Lasak eta azpimarratu du herritarren kexa, iradokizun eta proposamenak kontuan hartuko dituztela eta haietako bakoitzari erantzuna ematen saiatuko direla.

Kolektibo ezberdinekin harremanetan jartzea da asmoa, hauen beharrizanetara egokitu ahal izateko. Horretarako, mota guztietako topaketak egiten dihardu Lasak. Gaur, Etxaluze erretiratuen elkartean izan da, pentsioei buruzko solasaldi batean. Horrez gain, karpa bat ere jarri dute herriko plazan, herritarrei informatu eta haien iritzia jasotzeko. "Herriz herri ari gara, karpa eta topaketak. Herritarrekin eta eragileekin batzen ari gara; azken finean, Gipuzkoan talde asko daude –kultura, kirol, erretiratu...–eta guzti horiekin ere mota honetako hitzaldi topaketak antolatzen ari gara", azaldu du diputatuak.

Oñatin eta Bergaran

Orotara, Gipuzkoako 16 udalerritatik pasako da foru diputatua eta Debagoienean beste bi hitzordu ditu. Urriaren 10ean Oñatin izango da karpa, herriko plazan. Joseba Muxika Aldundiko Partaidetza zuzendariarekin egitekoa zen ekitaldia bertan behera gelditu da.

Urriaren 11an, berriz, Bergaran egongo da Lasa. Topaketa Migel Altuna institutuan izango da, bertako ikasleekin 8:00etan eta karpa egun osoan egongo da plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak