Laubideko aparkalekua ireki egingo dute, urtea amaitu baino lehen

Eneko Azurmendi 2016ko urr. 4a, 14:55

Hainbat urtez itxita egon ondoren, Laubideko aparkalekuak ireki egingo dituzte, Arrasateko udala eta Murias eraikuntza enpresak lortutako akordioari esker. Maria Ubarretxena alkatearen esanetan, prozesu luze eta korapilatsua izan da.

Gespark enpresak zeukan aparkalekuon ustiapena, baina erabakita zeukan itxita mantentzea. Enpresa hau, ordea, hartzekodunen lehiaketan sartu zen. ""Horrekin batera, gu administrazio konkurtsalarekin batu ginen, gobernura sartu eta berehala. Urtebeteko prozesu luzea izan da, tartean epaiketak eta bi enkante. Baina prozesu luze horren amaiera akordio batekin iritsi da", azaldu du Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak.

Esan moduan, Murias enpresak hartuko du aparkalekuon ustiapena. Mota honetako aparkalekuetan eskarmentua dutela adierazi du Paulino Barrenetxea zuzendari nagusiak. "Beste bost ditugu, Araban eta Gipuzkoan. Azkena Donostiako Autobus geltokia izan da eta guztiak kontuan hartuta, 1200 plaza inguru edukiko ditugu, errotazioan bakarrik", zehaztu du Paulino Barrenetxea Murias-eko zuzendari nagusia.

Gaineratu du kontzesioa zehaztea besterik ez dela falta eta behin kontzesio hori ofizial eginda, 10-15 egun beharko dituztela aparkalekuak txukundu eta zenbait lan egiteko. Ofizial egiteko, baina, aurrez udaleko osoko bilkuratik pasa beharko da erabakia.

Bi aldeek adierazi dute abendu hasierarako irekitzea espero dutela 150 plaza inguru izango dituen aparkalekua, Biteriko aparkalekuarekin uztartuz.

EH Bildu: "Berri ona da"

EH Bilduren ustez, "berri ona" da  Laubideko aparkalekua berriz zabaltzea: "2003-2007 legealdian Ignacio Lakuntzak zuzentzen zuen gobernuak hartutako erabaki oker baten ondorioa izan da urteotako egoera hau besteak beste, eta ona da gaia bideratzen hastea. Arlo judiziala argitu eta behin irekitzeko asmoa azaldu dela, asko dugu hitz egiteko udal taldeen eta herritarron artean: ea aparkalekuak bideragarritasun planik duen, galerak egotekotan ea enpresak ala Udalak hartuko dituen bere gain, erabiltzaileentzat ze tarifa egongo den...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak