Alecop kooperatiba arrasatearrak 50 urte bete ditu aurten, betiere, ikasleei lana eta ikasketak uztartzeko aukera emanez. Jose Maria Arizmendiarrietak berak sortu zuen kooperatiba 60. hamarkadan eta ordutik hona 13.000 pertsonatik gora pasa dira bertatik.
Alecopek lana eta ikasketak aldi berean jorratzeko errealitate izaten jarraitzen du. 150 enpresekin dihardu elkarlanean, horietako 120 kooperatibak direlarik, eta urtero 250 ikasle pasatzen dira bertatik.
Hala ere, gaur egungo Alecopen jarduna askoz zabalagoa da. Formakuntza zerbitzuak, aurrefabrikatutako instalazio elektrikoen ekoizpena, ekipamendu didaktikoen diseinua eta ekoizpena, eta MEIren bitartez atzerriko hezkuntza zentroen kudeaketa dira egun kooperatibak dituen negozio esparruak.
Ekitaldi jendetsua
Gaur, Polo Garaiako Udalaitz auditoriumean ekitaldia egin dute urteurren borobila ospatzeko. Alecopeko presidentea den Kepa Bergarak eman dio hasiera ekitaldiari, eta ondoren Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak jarraitu dio. Jarraian Alecopen ibilbidea errepasatu duen ikus-entzunezko hunkigarria proiektatu dute eta hau amaitzean HUHEZIn doktorea den Eugenio Astigarragak Ikasteko lan egin - Ikasi lan egin egiteko diskurtsoa eskaini du. Ekitaldia amaitzeko, Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko presidenteak hartu du hitza, eta Alecopen izaera kooperatibo eredugarria nabarmendu du.