Elkartasun egun jendetsua zapatuan Arrasaten

Maite Txintxurreta 2016ko ira. 19a, 17:10

Elkartasun eguna egin dute zapatuan Arrasaten, presoen eskubideen alde. Beti bezala musika eta kontzertuak izan ditu oinarri egun honek. Aurtengoan Josu Arkauz presoaren egoerarengan jarri nahi izan dute azpimarra antolatzaileek. Izan ere, arrasatearrak 25 urte daramatza espetxean.

Europar legeen arabera kalean egon behar luke honezkero Arkauzek, eta Elkartasun Egunaren antolatzaileek salatu dute espainiar estatuak askatasuna ukatzen diotela.

Aldarrikapen horiek plazaratzeko, arratsaldean manifestazioa egin zuten Euskal Preso, Errefuxiatu eta Iheslari Politikoen eskubideen defentsan lemapean. Jende ugari batu zen hitzordura.

Antolatzaileek nabarmendu dute euren nahia dela aurrerantzean Elkartasun eguna egiteko beharrik ez izatea, eta beraz, aurtengoa "azkena izan dadila" nahi dutela.

Musika, festa eta aldarrikapena

Elkartasun egunak aldarrikapena eta jai giroa uztartzen ditu, eta aurtengoan ere goizetik gauera ekitaldiz beteta egon da eguna.

Goiz eta eguerdi partean umeendako jolasak izan ziren Biteri plazan, baita azoka alternatiboa ere. Lehen kontzertuak ere eguerdian izan ziren herriko tabernetan, eta ondoren bazkaltzeko bildu zen herritar talde handi bat.

Bazkalostean, tabernetako kontzertuek jarraitu zuten. Denera 24 musika taldek hartu dute parte aurtengo Elkartasun egunean.

Eguna borobiltzeko, gauez gaztetxean Screaming for change, bar Remigio, Fly Shit eta Eskean Kristoren kontzertuek jarri zuten giroa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak