Uribarriko gunearen kasuan, hango guraso talde batek egindako eskaera aintzat hartuta deitu zuen lehiaketa Udalak. Biteri plazarena kanpotik jasotako iritzien harira egin zen. Bi gune horiek nola eraberritu, ze balio eman eta nola antolatu zitezkeen jakiteko maiatz bukaeran egindako deialdira aurkeztutako lan kopurua ikusita, pozik daude udal arduradunak.
Umeek marrazkietan erakutsi dituzte euren preferentziak: tirolinak, arearekin jolasteko gunea, eta itsasontzi pirata izan dira gehienek eskatu dituztenak. Suhiltzaileen erabiltzen dituzten barrak eta zabuak ere beharrezko ikusten dute.
Helduen proposamenak, landuagoak izan dira bi guneetarako. Eta, bada, Itxaropena plaza goitik behera aldatzeko proposamenak egin duenik. Edo, Biteri plazako, estalkia kendu eta beste leku batera eramatea proposatzen duenik.
Lanak, hilaren 28ra arte egongo dira ikusgai Kulturateko klaustroan. Ostean, hiru saridunak aukeratzeko epaimahaia sortuko dute.
2017ko aurrekontuetan
Sariak banatu ostean, udal teknikarien txanda izango da. Proposamenak aztertu eta bideragarriak diren ideiak Biterin eta Uribarrin nola gauzatu daitezkeen zehaztu beharko dute. 2017ko aurrekontuetan halako lanak egin ahal izateko partida bat dauka udal gobernuak zirriborroetan.