Beste behin, euskal presoei elkartasuna adierazteko eta haien eskubideak bete daitezela aldarrikatzeko antolatu dute Elkartasun Eguna. Kulturaten egindako aurkezpenean salatu dutenez, "errepideko istripuek, larriki gaixo dauden presoen muturreko egoerek, osasun asistentzia desegokiek, ukatutako baimenek eta isolamendu politikek ez dute etenik", eta beste behin, "dispertsio politikarekin amaitzeko beharra" azpimarratu dute.
Aurtengo Elkartasun Egunean Josu Arkauz herrikidearen egoeran salatu nahi dute bereziki. 25 urte daramatza kartzela eta Europako legediaren arabera kanpoan egon beharko lukeen arren, espainiar epaitegiek askatasuna ukatzen diote behin eta berriz. "Ozen salatu nahi dugu ez dugula horrelakorik onartuko, jendarte honek bakerako eta konponbiderako eskubidea duela" adierazi du Aner Elorza bozeramaileak.
Musika eta aldarrikapena bat eginda
Ohiko legez, zuzeneko musikaren presentzia nabaria da aurtengo Elkartasun Eguneko egitarauan. 23 taldek joko dute goizetik gauera bitartean, eta Arrasateko kaleetan musika izango da nonahi. Eguneko ekitaldia nagusia 19:30ean Herriko Plazatik abiatuko den manifestazioa izango da eta ondoren Gaztetxeko kontzertuekin eta DJekin emango diote bukaera aurtengo edizioari. Antolatzaileek bazkarirako eta gaueko kontzertutarako txartelak lehenbailehen erosteko deia egin dute.