Uda inguruan, bizikleten erabilera handitzeaz bat hauen lapurreta kasuek gora egiten dute. Lizarralde Kirolak dendako arduradunek lapurtutako bizikleta asko jaso izan dituzte. Jaso bakarrik ez, bezeroek denda kanpoan utzitako bizikletak ere ostu izan dizkiete.
Lapurretak lapurreta, Arrasateko Udalak jakinarazi duenez, uda aldean lapurtutako zortzi bizikleta berreskuratu dituzte, eta hauek jabeei itzultzeko lanean ari dira. Zortzi bizikleta horiek udaltzainen basera eraman dituzte, eta udaltzainek kudeatuko dute itzulketa prozesua.
Bizikleta galdu dutenek udaltzainen basera joan beharko dute, bertan galdutako bizikletaren deskribapen txiki bat egiteko. Era honetako prozedimenduak saihesteko Arrasatekok Udalak bizikleten erregistro bat egiteko asmoa azaldu du.
Urritik aurrera zabalduko dute norbere bizikleta erregistratzeko prozesua. Hala, informazio erabilgarria lortu nahi da lapurretak daudenean laguntzeko edota galdutako bizikletak errazago identifikatzeko.