Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016

Joseba Egibar: "Herri hau ez dago ez geldirik egoteko, ezta atzera egiteko asmoarekin ere"

Eneko Azurmendi 2016ko ira. 3a, 12:30

Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentea Arrasaten izan da, EAJren hauteskunde bulegoaren irekieran. Adierazi du Espainia blokeatuta dagoela eta momentu honetan geldirik egotea, atzera egitea dela. Gaineratu du herri hau –Euskal Herria– "martxan" dagoela eta aurrera egin behar dela.

Egibarrek azaldu du eraikitzen jarduteko unea dela. "Hau ez da bat batean egiten den eraikuntza bat. Etengabeko aberrigintza honetan, garbi dago garaian garaiko lehentasunak zeintzuk diren jakiten asmatu egin behar dela, eta hor EAJk fidagarritasun bat erakusten du", azpimarratu du.

Eraikuntza hori elkarlanean egin beharrekoa dela ere adierazi du. "Euskal nazioaren eta gizartearen eraikuntza prozesu bat bezala ikusten dugu. EAJ ez da egia osoaren jabe eta ez dago bakarrik herri honetan. Horregatik, eskatzen duguna da, bide garbiak definituz, elkarlanean aritzea".

Gaineratu du EAJren hautagaitza abertzalea dela. "Abertzaleak eta aurrerakoiak gara. Herri honen etorkizunarekin konprometituta gaude eta badakigu zertara aurkezten garen", nabarmendu du.

Hauteskunde bulegoaren irekieran Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea, Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkatea eta Elena Lete Bergarako alkatea izan dira, besteak beste.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak