Arrasateko Udalak martxan dauka Kulturola zaharberritzeko proiektuaren idazketa lanen zerbitzua kontratatzeko prozesua. Onartu berri diren baldintza-pleguen arabera, lehiaketa publiko horretara aurkezten diren enpresek 136.000 euroko aurrekontua izango dute proiektua idazteko eta beste horrenbeste zuzendaritza lanetarako. Guztira 272.000 euro, BEZa kontuan hartu gabe.
Sinergiak sortzea
Kulturola egitasmoa agintaldi osoan zehar gauzatuko den "ekimen garrantzitsuenetarikoa" da EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuarentzat. Aprendicesek Musika eskola eta Goikobalu abesbatza hartuko ditu eta Kulturola edo erlojuaren eraikinean hainbat kultura elkarte eta udal euskaltegi berria kokatuko dira. "Helburu nagusia da herri zein bailara mailan garrantzia handikoa izango den kultur eremua sortzea, bereziki, herritarrei eta kultur taldeei alor honetan aukera berriak eskaintzeko eta sinergiak sortzeko", adierazi dute Udaletik.
Kultura taldeak protagonista
Kultura eragileak dira Kulturola proiektuaren protagonista nagusiak: "Horregatik, hasiera-hasieratik inplikatu nahi izan ditu Udalak egitasmoan. Gauzak horrela, erlojuaren eraikinean dauden eta egongo diren Arrasateko kultur talde guztiekin bilerak egin, gertutik euren beharrak eta kezkak ezagutu eta, elkarlanean, eraikinaren kudeaketa ereduan aurrerapausoak eman dira".
Horretarako, Kulturola zaharberritzeko proiektuaren idazketa lanen esleipen prozesua martxan jartzea izan da emandako azken urratsa.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!