Hil egin den osasun publikoaren alde negar egin dute herritarrek lehenengo, eta gero, "osasuna preziorik onenean" eskaintzen duen osasungintza pribatua aurkeztu dute. Umorea, ironia, musika dantzagarria eta aldarrikapenez betetako kantuak erabili dituzte Tirante Plataformako kideek Herriko Plazan eserita zeuden arrasatearrak hausnarketara bultzatzeko. Izan ere, Medicus Mundiko kideen esanetan osasun arreta izateko herritar guztiek duten "eskubideak jasaten dituen mehatxuen aurrean" adi egon beharra dago.
Antzezlan hori Euskadiko Medicus Mundik abian jarritako proiektu baten barruan dago: Osasun Publiko eta Unibertsalaren alde. Osasun arreta izateko eskubidean dagoen ekitate-eza. Euskal osasungintza sistemaren gaineko txostena gertatzen dabiltza, eta emaitzen berri irailean emango dute. Proiektu hori garatzeko beste kolektibo eta gizarte eragile batzuen laguntza ere izan dute Munduko Medikuak elkartearena eta Osalderena, adibidez.
Antzezlana Euskal Autonomi Erkidegoko 15 herritan izango da; Gipuzkoako ekitaldiak hil honetan bertan bukatuko dituzte.