Istar Dapena pozik, Malen Ruiz de Azua eta Iñigo Uribarren ez hainbeste

Eneko Azurmendi 2016ko uzt. 27a, 15:05

Iñigo Uribarren, Malen Ruiz de Azua eta Istar Dapena Gijonen izan dira asteburuan, Espainiako Atletismo Txapelketa lehiatzen. Helburu desberdinekin joan dira eta horren ondorioz, hiruen sentsazioak ere desberdinak izan dira.

Esan bezala, helburuak ezberdinak ziren. Ruiz de Azua eta Uribarren dominarekin bueltatzeko asmotan joan ziren Gijon aldera; Dapenak, berriz, postu on bat eskuratzea zuen helburu. Hiruek lortu zuten postu bera, laugarrena hain zuzen.

Orain, denboraldia atzean utzi eta "atseden hartzeko beharra" daukatela nabarmendu dute hiruek, hurrengo denboraldiari behar bezala aurre egiteko.

Iñigo Uribarren

Jauzi-hirukoitzean laugarren postua eskuratu zuen Uribarrenek, 15,71 metroko markarekin. "Presio askorekin joan nintzen eta gauzak ez ziren espero moduan irten. Ez nuen asko disfrutatu eta laugarren postuarekin, etxera buelta", adierazi du.

Txapelketa irabazteko hautagai nagusia, Pablo Torrijos, txapelketatik kanpo gelditu zen eta aukerak handiagotu zitzaizkion Uribarreni. "Irabazteko ere aukera polita suertatu zitzaidan baina txandak aurrera joan ahala, konturatu nintzen ezin nuela posturik aurreratu", onartu du. Gaineratu du egun txarra eduki zuela. "Gauzak ez ziren irteten, presioa eta beste hainbat gauza pilatu zitzaizkidan. Beraz, laugarren postuarekin konformatu behar izan nuen", dio.

Horrez gain, luzera jauzian ere parte hartu zuen Uribarrenek, baina presio gutxiagorekin. 7,33 metroko marka lortuta, bosgarren postuan sailkatu zen.

Malen Ruiz de Azua

Pertika-jauzian, Ruiz de Azuak ere domina bat zuen begiz jota. Baina, 4,17 metroko marka eginda, laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen honek ere. "Hasierako jauzi guztiak bigarren saiakeran gainditu nituen eta beste lehiakide gehienek lehenengoan gainditu zituzten. Beraz, txapelketa aldapa gora jarri zitzaidan eta ezin izan nuen dominen borroka horretan sartu", azpimarratu du. Gaineratu du, fisikoki ez zegoela gaizki eta aitzakiarik ez daukala. "Ezin dezaket esan sentsazio txarrak eduki nituenik; eguraldia ere bikaina zegoen pertikarako. Ez dakit zer gertatu zitzaidan, gauzak ez direnean irteten, ez dira irteten, halakoxea da atletismoa", nabarmendu du.

Istar Dapena

Hiru atletetatik, bera dago gusturen lortutako emaitzarekin. Izan ere, 5,16 metroko marka egin zuen eta laugarren postuan sailkatu zen, dominetatik gertu. "Ranking-ean seigarren postuan nengoen txapelketaren aurretik eta laugarren postu hau ona da niretzat, ezin naiz kexatu", azaldu du. Gainera, aste santuan ebakuntza bat egin zioten –apendizitis– eta horrek aurrera egitea galaraziko ote zuen beldur zen. Hala ere, "uste baino hobeto" errekuperatu da. "Ez nuen uste hain azkar maila honetan egongo nintzenik", onartu du. Hemendik aurrera, Europako Txapelketa lehiatzeko marka –5,30 metro– lortzea izango du helburu Dapenak. "10 zentimetro dira eta nik uste, lan eginda eta ondo entrenatuta, marka hori lortzeko gai naizela", azpimarratu du.

Eneko Carrascal 

Oraindik jubenila izan arren, Eneko Carrascalek parte hartu zuen txapelketa honetan. Absolutu mailan lehiatu zuen lehen aldia izan zen eta hamargarren postuan sailkatu zen, 14,83 metroko markarekin. "Berez, Europako Txapelketan –Tbilisi, Georgia– amaitzen zen bere denboraldia. Baina entrenatzailearekin hitz egin ostean, Espainiako Txapelketan parte hartzea erabaki zuen, absolutu mailan. Gehienbat disfrutatzeko helburuarekin joan zen eta hala izan da, marka on batekin gainera", adierazi du Uribarrenek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak