Balorazio "positiboa" egin dute Harreman elkartekoek Siriari laguntzeko kanpainaren inguruan. Izan ere, batutako oinarrizko produktuen eta diru-bilketaren kantitatea handia izan da.
Guztira, 14. 875 euro batu dituzte martxoaren 17tik gaur arte, eta 303 manta, 128 lo-zaku, haurrak eramateko 62 motxila eta 49 makulu batu dituzte, eta gaurko prentsaurrekoan eskerrak eman die kanpainan lagundu duten arrasatear guztiei.
Javier Ruiz de Munain, Harremaneko lehendakariaren esanetan: "Eskerrak eman nahi diogu Arrasateko herri guztiari, eta kolaboratzaile guztiei. Bestalde, Arrasatekoak izan barik, asko lagundu dute beste hainbatek. Modu batean, Siriako herriak bizi duten egoera hobetu nahi dugu honela".
Batutako dirua Siria barnealdera
Harremaneko lehendakariak hitz egin ondoren, Alma Saavedra Euskadiko Mugarik Gabeko Medikuak Elkarteko ordezkariak hartu du hitza. "Euskadiko Mugarik Gabeko Medikuen Elkarteko langileak daude Sirian, bertakoak direnak. Beraz, estatuko barnealdean dauden proiektuetara bidaliko da diru hau".
Laguntzeko baldintza eskasetan
Orokorrean, Sirian gertatzen dena azaldu du Alma Saavedrak, eta segurtasunagatik bertan dituzten mediku-estrukturak non dituzten ezin duela esan, bonbardaketak direla etab… Hala, asistentziak egiteko lekuak ere ez direla egokiak adierazi du. " Ohiko estrukturak ez diren lekuetan egiten da lan; Siriako ospitale bakar baten ere ez daude 30 ohe baino gehiago. Oso handiak badira, errazagoa da bonbardatzea, Sotoetan egin izan da lan, garajetan, eta baita kobetan ere".
Siriako medikuei eskerrak
Bestalde, Siriako medikuek egiten duten lana ere goraipatu du Saavedrak, bertatik ez direlako irten, eta bertako herritarrei laguntzen geratu direlako.