Aranzadi zientzia elkarteko kideak 20 urtez ibili dira Lezetxiki koba aztertzen, Alvaro Arrizabalaga arkeologo oñatiarra buru dutela. Orain, baina, bi urtetan ez dituzte indusketa lan gehiago egingo. Atsedenaldi hori aprobetxatuko dute orain arte aurkitutakoen bilduma egin eta monografikoak egiteko.
20 urteko balantzea egiterakoan datu bat baino gehiago eman ditu Alvaro Arrizabalaga arkeologoak. Horietako bat hauxe: 55.000 aztarna, pieza, atera dituztela Lezetxikitik.
Emandako datuen artean indusketa lanei buruzko egindako artikulu eta elkarrizketak ere aipatu ditu, baita aztarnategian lanean ibili diren boluntarioen zenbatekoa ere: bost kontinentetatik etorritako 318 lagun. Gaur ere hamar bat gazte zebiltzan lanean, Hernanikoak, Valentziakoak, Gasteizkoak, Oñatikoak eta Arrasatekoak tartean. Batzuk gainera, behin baino gehiagotan etorri dira Lezetxikira.
Arrizabalagak behin eta berriz eman dizkio eskerrak Arrasateko Udalari Lezetxikiren alde egindako lanagatik. Udalak ere balio handia ematen dio kobari eta hor egindako lanari eta bi urte barru lanekin jarraitzeko aukera badagoela esan du kultura zinegotziak.
Datozen bi urte hauetan koba nola zaindu edo babestuko duen oraindik ez dutela aztertu esan du Mendietak. Alvaro Arrizabalagak, bestalde, prest agertu da bisita gidatuak egiteko, Udalak hori egitea ondo ikusten badu.