Ostegun eguerdiko txupinaren jaurtiketatik domekaraino, askotariko ekintzak gozatzeko aukera egon da aurtengo jaietan.
Asteburua tarteko izanik jende ugari aritu da Arrasateko kaleetan zehar. Zapatu goizean, Eguzkilaruk urteroko bisita egin zien Arrasateko haurrei. Aurtengoa gainera berezia izan da, Eguzkilaruren 20. Urteurrena izan baita. Arrasateko Trikitilari Eskolakoen laguntzarekin kalejira egin zuten Biteri plazaraino eta behin bertan, makal txikiaren igoera egin zuten txikienek.
Jarraian, eta Biteri plazatik gertu, Zeuk ein Zeuk jan herri bazkariaren hirugarren edizioa egin zuten. Ekimen honen arrakasta ikusita aurten azokan egin dute lehendabizikoz, eta 700 lagun baino gehiagok bazkaldu zuten bertan.Aurtengo arrakasta ikusita, datorren urtean jende gehiagorentzako lekua baten bila ari dira antolatzaileak.
Musikari dagokionez, eskaintza zabala eduki dute aurtengo sanjoanek. Arrasateko Musikaleko Bandaren kontzertua, Anne Etchegoyen eta Goikobaluren ikuskizuna eta Arkada Social eta Non Serviumen zuzeneko indartsua besteak beste. Atzo iluntzean Raimundo Amador gitarra jolearen txanda izan zen. Herriko plaza goraino bete zen artista sevillarraren doinuekin dantzatu eta datorren urtera arte jaiei agur esateko.