Azken unera arte borrokatu ondoren, Mondrak Futbol Taldeak mailaz igotzea lortu du arten. Behin denboraldia amaituta, balantzea egin eta ilusioz betetako datorren denboraldia prestatzeko garaia da.
Horren harira, Ohiko Batzar Orokorra egin zuten atzokoan Kulturaten. Bi igoera lortu ondoren, kirol arloan balorazioa oso positiboa zela adierazi zuen Josu Etxebarriak, kirol arloko zuzendariak.
Datorren urtera begira, mailari eustea jarri dute helburu bezala. "Taldea gaztea da, eta partidu guztietan ondo lehiatzeko helburuarekin ekingo diogu denboraldiari" esan du Etxebarriak
Balantze ekonomiko negatiboa
Arlo ekonomikoan 7.988 euroko defizitarekin itxi dute iazko urtea. Talde berri bat sortu izanak, lehen taldeak denboraldia luzatu izanak eta kirol materialaren erosketek eragin dute sarrera baino gastu gehiagorekin amaitzea.
Horretaz gain, bazkideen kuotak igotzea ere adostu zuten. Urte asko daramate kuota ukitu gabe gastuek gora egin duten artean. Hori dela eta, ohiko kuota 70 eurotik 80ra pasako da eta gazte, jubilatu eta langabeena 35etik 40ra.
Amaitzeko, zuzendaritza batzordera jende berria batzeko deia egin zuen Roberto Zazo taldeko idazkariak. "Gure asmoa da zuzendaritza batzordera jende berria sartzea. Horretarako, guraso berriak animatu nahi ditugu, gurekin kontaktuan jarri eta zuzendaritzan parte hartzera".