Espainiako Gorteetarako Hauteskundeak 2016

Euren alde bozkatzea "euskararen alde" botoa ematea dela dio Elkarrekin Ahal Duguk

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko eka. 19a, 19:34

Guk ere euskaraz elkarrekin ahal dugu lelopean agerraldia egin du Elkarrekin Ahal Duguk Arrasaten. "Euskara sustatu eta babestu" behar dela adierazi du bertan koalizioak.

Arrasateko Arizmendiarrieta plazan izan dira Nagua Alba, Ahal Dugu Euskadiko idazkari nagusia eta Kongresurako hautagaia, Juantxo Iturria, Ahal Duguko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramalea, Patri Gete Ahal Duguko Gipuzkoako batzarkidea, eta Igor Roman, Ahal Duguko euskara arloko arduraduna.

Euskararen inguruan hitz batzuk esan ditu bertan koalizioko kide bakoitzak, eta denek "euskara sustatu" behar dela azpimarratu dute.

Nagua Albak, adibidez, Kongresuan zin egin zuenean euskaraz hitz batzuk esan zituela gogoratu du, eta "PPko kideek oihuka, haserre jarri" zirela azaldu du: "Onartezina da Kongresuan euskaraz hitz egitea debekatuta egotea. Nik euskaraz hitz egin nahi nuen eta PPko kideak, batez ere, oihuka hasi ziren. Araudi hau aldatu nahi dugu eta beste hizkuntzetan, katalanez, galegoz, euskaraz, hitz egiteko eskubidea bermatu nahi dugu".

Ahal Dugu Euskadiko idazkari nagusiak, ekainaren 26an Elkarrekin Ahal Dugu koalizioa hautatzea, euskararen alde botoa ematea dela adierazi du: "Euskara gure aberastasuna da, eta euskararen alde bozkatzea da Elkarrekin Ahal Dugu bozkatzea".

Igor Roman, alderdi moreko euskara arloko arduradunak, gainera, euskararen presentzia urria hedabideetan, telebistan edota literatura salatu du, eta Juantxo Iturriak euskara "naturaltasunez erabili behar" dela azpimarratu du. "Norberak bere hizkuntzan bizitzeko eskubidea du", azaldu du Iturriak. Patri Gete, Gipuzkoako batzarkideak Burgosetik Zarautzera mugitu dela azaldu du, eta egin duen aurreneko gauza euskara ikasten hastea izan dela adierazi du.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak